Albisteak
Erosketak egiteko poltsa berrerabilgarriak banatuko dira herriko saltokietan datozen egunotan
— 2022-11-25Zestoako Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak hondakinen prebentzioarekin lotutako ekimena jarri dute martxan herriko dendarien laguntzarekin. Telazko poltsa berrerabilgarriak banatuko dira bezeroen artean, fruta, lekale eta bestelako produktuak soltean erostean erabiltzekoak. Erabilera bakarreko edo bizitza erabilgarri motzekoak erabili ohi dira askotan, eta hauek, oso denbora gutxian, hondakina izaten bukatzen dute. Bilgarrien kontsumoaren murrizpenaren garrantzia azpimarratu nahi da, izan ere, etxeetan sortzen diren ontzi arinen zati handi bat horrelako materialek osatzen dute. Europako hondakinen prebentziorako astearekin bat eginez, ekintza honekin, herritarrengan kontzientzia sortu nahi da, bai materialen gehiegizko kontsumoaren, bai sortzen dugun hondakin kopurua murriztu beharraren inguruan.
Ekintza datozen egunetan egingo da eta herriko dendatan banatuko dituzte poltsak, zehazki herrigunean, Errasti Elorza janari dendan, Miantxa janari dendan, Egunero Janariak dendan eta Laiak dendan eta auzoetan, berriz, Txara dendan Arroabean eta Konpitteron Aizarnan.
Egin zaitez bazkide