Albisteak

[ELKARRIZKETA] Goiatz Aristi: «Hortzetan irakurri daiteke arima»

Mari Artanok Goiatz Aristi elkarrizketatu zuen urtarrileko zenbakirako:

Odontologoa da Goiatz Aristi Zabaleta herritarra. Hizketarako gai izan aurretik, txiki-txikitan, sartu omen zitzaion bokazioa, eta ez du galdu ofiziorako pasioa. Agian horregatik hasi da bide berriak urratzen, eta oraindik profesional gutxik jorratzen duten bidea hartu du. Ahoa eta hortzak zaintzeko modu desberdin bat. Dentosofia esaten zaio. Ahoari begiratzeko modu zabalago bat da, ahokoak osasun orokorrarekin batean aztertzen dituena. Dentosofiaren arabera, ahoaren formak gure izaeraz asko esan dezake. Ahoan, hortzetan, geure barneko izatea islatzen da terapia horren arabera. Arnastearen garrantziaz ere aritu gara. Garai batean sinetsiko ez lituzkeen gauzak frogatzen ari dela aitortu digu Aristik hizketan hasi aurreko azalpenetan. Itxi beraz ahoa, hartu arnasa, eta hasi leitzen.

Zergatik dentista?

Nire zaintzaile Gorettiren amak, Jexuxa Erkiziak, esaten zuen hitz egiten hasi aurretik banekiela dentista izan nahi nuela. Dentistara joaten nintzen lehen aldietatik garbi nuela gogoratzen naiz, aulkian eseri eta pentsatzen nuen: nik hau nahi dut egin handitan.

Bidea erraza izan al da?

Ez. Unibertsitaterako sarrerako nota altua eskatzen zen eta horrek presio handia eragin zidan ikasketetan. Batxilergoa eta unibertsitatea biak izan ziren gogorrak, eta karrera gainera gaztelaniaz egin behar izan nuen.

Unibertsitatetik odontologiaren bide tradizionalarekin irten al zenuen?

Bai, endodontziak, enpasteak, protesiak… hori da bide tradizionala. Gero, ama izan nintzenean, sakontzeko gogoa sentitu nuen eta ortodontzia ikasi nuen, hau ere bide tradizionaletik: “brakets”ak jartzean oinarritzen dena. Eta horren ondoren Eider Unamuno odontologoa ezagutu eta berarekin ikastaroak egiten hasi nintzen pandemian. Hor hasi zen aldaketa.

Zer da aldatu zena?

Pazienteei begiratzeko modua, hasteko. Arazoa zuzenean tratatu beharrean arazoaren jatorria bilatzen hasi nintzen eta gaitza tratatzeko era aldatu nuen horrela. Eta hori iraultza bat izan da niretzat.

Adibidez: hortzak pilatuta edo lekurik gabe baldin bazeuden, lehen braketsarekin indarrez behartzen ziren hortzak bere lekura joatera. Orain, berriz, hortzak horrela egotearen arrazoia zein den bilatzera joaten naiz eta jatorri hori tratatzera: irensketa, arnasketa, murtxikatzea, mingaineko frenulua eta abar. Eta jatorri horiek tratatuta ahoan eraldaketak ematen dira eta baita osasun orokorrean onura nabarmenak ere. Adibidez: oxigenazio maila handiagoa eta kalitate hobekoa jasotzen hasten gara burmuinean, buruko minak gutxitzen dira, atsedena hobetzen da, gorputzari indarra ematen dio, arnasbideko gaixotasun kronikoak gutxitzen dira: otitisa, rinitia, asma, alergiak, zurrungak, bronkitis, anginak, begetazioak…

Dentosofia izena du terapia mota honek, ezta?

Teknikoki terapia funtzionala eta terapia neuro-oklusala deitzen zaio, helburua gorputzaren oinarrizko funtzioak berreskuratzea delako. Kontua da dentosofia haratago doala: ahoko egiturak pertsonaren izaera azaleratzen duela defendatzen du. Eta niretzat ere gero eta nabarmenagoa da. Dentosofiako esaldi honekin bat egiten dut: «Pertsonaren eremu psikoafektibo osoa ahoan irudikatzen da, eta ahoaren eraldaketa guztiek pertsonaren izaeran eragiten dute». Alegia, hortzetan irakurri daiteke arima, ahoak pertsonaren jarrera erakusten digu eta ahoko aldaketek jarrera aldatzen dute eta alderantziz. Hori duela urte batzuk esan balidate ez nuke sinistuko, orain aurpegiera ikusita bakarrik badakit pertsona hori nolakoa izan daitekeen, lan eskarmentuak gauza asko frogatu dizkit.

Adibidez: baraila, edo masailezurra, aurreraka duten pertsonak oso suharrak izaten dira, akziora jotzen dute pentsatu gabe. Baraila atzerago dutenek, berriz, buruari buelta gehiegi ematen dizkiote eta akzioan sartzea kosta egiten zaie. Laguntzen badiogu baraila horri bortxa gabe aurrera joaten, burutik gorputzera egingo du pertsona horrek, pentsatzearen eta akzioaren arteko oreka berreskuratuz.

Hozkada ireki batean (aurreko hortzak ez direnean elkartzen) airea sartzen da tarte horretatik, eta horiek kontzentratzeko arazo gehiago dituzte. Ahoa ondo ixtea lortzen badugu, zapata kaxa bat bezala, pertsona zentratu egingo da, ez da ilargian hain sarri egongo.

Honek bestelako ortodontzia baztertzera bultzatu al zaitu?

Honek eraman nau ortodontzia hobekuntza estetiko soilak lortzeko erabiltzera. Nire ustez hortzak zuzenduta ez dugu jatorriko arazoa konpontzen. Azken hitza, jakina, bezeroak izan ohi du. Bezeroak erabakitzen du, baina ondo azalduta zein den erabaki osasuntsuagoa, eta zein neurri estetiko hutsa.

Oro har, bide osasuntsuagoa lantzen da, aktibadore izena duen kautxuzko aparatuekin tratatzen dugu, edota errehabilitazio neuro-oklusala egiten. 

Zein dira ahoaren garapen egoki baterako oinarri garrantzitsuenak?

Arnasa sudurretik hartzea eta botatzea ezinbestekoa da, aho sabaia sudurraren lurra delako. Aldi berean, ahoak mingaina aho sabaian behar du eta tragatzen dugun bakoitzean aho sabai horri bultza egitea, estimulatzea. Bestalde, mastekatzea bi aldeekin egitea oso inportantea da.

Mingainaren frenuluari garrantzi handia ematen diogu, izan ere, mingaina behean egotera behartzen du, eta ondorioz, arnasa ahotik hartzen ariko gara hein handi batean. Frenulua ondo detektatzea oso garrantzitsua da. Emilio Lopez dentista ezagunak dioenez, benetako pandemia ahozko arnasketa da.

Ahoa itxi behar dugula, alegia?

Ahoa itxi eta sudurretik arnastu. Sudurretik hartutako arnasak filtroa du eta epeldu egiten da bidean. Arnasak %100% sudurretik izan behar du. Kontsultan dudan laguntzaileak Behobia-Donostia lasterketa osoa egin du ahoa itxita; kirolarien errendimendua asko hobetzen da sudurretik arnastuz. Aipatu beharreko beste alderdi bat da gorputz osoari behatzen diogula, ahoan desoreka bat baldin badago alterazioak burutik oinetaraino egon daitezke. Alde batetik bakarrik murtxikatzen badugu, gorputzeko alde bat garatuago egon daiteke bestea baino eta horrek gorputz osoko arazoak sor ditzake: aurpegitik hasita begi barruko giharrak tenkatu, trigeminoa, zerbikalak okertu, bizkarra… Horregatik bestelako profesionalekin elkarlana ezinbestekoa da: osteopatak, posturologoak, optometristak, logopedak… arazoaren jatorrira, osotasunera, iristeko. Nik, adibidez, Nagore Olazabal herritarrarekin elkarlan handia egiten dut, podo-posturologoa da bera eta elkarren osagarri gara. Zestoan bizi den Irati Egizabal logopedarekin ere badut hartu-emana.

Oro har jendeak sudurretik hartzen al du arnasa?

Gaur egun ez da ehuneko 10era iritsiko sudurretik arnasa hartzen dutenen kopurua. Faktore asko daude horretarako, nabarmenenak aipatzearren: umetan titia ez hartzea (biberoiarekin bentosa ez da egiten eta ahotik hartzen da arnasa) eta zesarea bidezko jaiotzak. Jaki bigunak ere kaltegarriak dira eta gero eta gehiago erabiltzen ditugu, pure gutxiago eta fibra gehiago jan behar genuke: ahoa erabili egin behar da garatzeko, handitzeko eta lekua egiteko.

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide