Albisteak

GRI Castingseko enpresa batzordeak Lan Inspekzioan bilera izango du bihar

argazkia: LAB

Ostiral goizean Sansineneako GRI Castingseko enpresa batzordea zuzendaritzarekin bildu zen. Batzordearen esanetan, berriro defendatu dute “prozesua gelditzea eta lan zentroaren bideragarritasuna posible direla”. Eta gaineratu dute “Proposamen bat egiten zigutela sinestarazi nahi izan diguten arren, ia ezerezaren truke espedientea sinatzea izango litzateke beraien “proposamen” deiturikoa onartzea. Gaurko bileran ere, behin eta berriz azpimarratu diegu lan-zentro hau bideragarria izan daitekeela, eta beraz, prozesua eten dezala, bideragarritasun plan batekin lanpostuak mantentzeko”. Bilera ondoren elkarretaratzea egin zuten biribilgunean.
Bihar, astelehenean, Lan Inspekzioan bilera daukate, “bertan garbi adieraziko dugu gestio txarragatik dagoela egoera honetan GRI CASTINGS eta taldeak beronen aldeko apustua egingo balu, Zestoako lan-zentroa bideragarria izango litzatekela” dio enpresa batzordeak.
Horrez gain, asteartean, Zestoako Udalarekin biltzekoak dira, egoeraren berri eman eta beraien babesa jasotzeko helburuarekin. Asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilduko dira Bilbon. Bertan, lanpostuen alde
lerrokatzeko eskatzeaz gain, GONVARRI taldea presionatzeko “exijituko” diote lan-zentro hau irekita mantentzeko bere baliabide guztiak martxan jarri ditzan.
Apirilaren 14rako, ostiralerako, manifestazioa deitu dute Zumaian 19:00etan, “GRI EZ ITXI!” lemapean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide