Zestoan, Azpeitian eta Errezilen aurkeztutako mozioen balorazioa

Hiru udaletan otsailean aurkeztu genituen mozioak tratatuak izan dira pleno guztietan. Ondorioz, gure balorazioa luzatu nahi dizuegu:

Hasteko, udal talde guztiek argudiatutako informazio eza azpimarratu nahi genuke. Arduragabekeria handia deritzogu, iazko irailetik publikoki ezagatzuera eman zenetik, udalek gehiago informatzeko mugitu beharreko tokietara mugitu ez izana. Gainera, kezkaz bizi dugu egoera. Informazio ezak erraztasunak ematen dizkie, gure lurrak bere mozkinerako ustiatzera datoztenei, oztopo gabeko zentral eilokoen inplantazio azkarrerako.

Alderdiei dagokionez, antzeko jarrera somatu dugu euren erreakzioetan. Gure mozioari aurre egiteko beste mozio bat kaleratu dute guztiek udal guztietan, Errezilgintzako plataformakoak izan ezik. EHbilduren kasuan, estandarizatutako mozioak, Azpeitia eta Errezilen kasuan, tokiko erreferentziarik gabekoak: ez geografia konkretuari lotuta, ezta auzo edota baserriei lotutakoak ere. Badirudi zentralak jartzeko proposamenak ez duela Sañu, Arroita, Txillarramendi, Etumeta edota Akua bailaran kalterik eragingo. Hemendik ondoriozta dezakegu bizilagunengana gerturatzeko prestutasun eza edota azterlan independienterik eskatzeko pausorik ez eman izana.

Udalek euren lurretan egingo denaren eskumena dute. Ikuspegi honetatik aurkitu dugu “ñabardura” bakarretakoa. Zestuko mozioan Akua bailarako eta honen ondare naturalari eragingo lizkiokeen kalteak aipatu eta honekiko kezka adierazten baita.

Azpeitiko plenoan, berriz, konkretuki Oletako Zentral Eolikoari aipamena egin zitzaion udal gobernutik. Ulergaitza eta kontraesankorra egiten zaigu, nola daitekeen, Buruzaiko proiektuaren aurka azaldu eta Sañukoa aztertzen aritzea; bietan informazioa falta argudiatu arren. Oletako proiektuaren kontrakotasuna argi adierazi zuten, Sañukoa bultzatzen dabiltzan bitartean.

Beharrezkoa den guztia egiteko prest azaldu ziren. Pauso konkretu horiek zein diren azaldu eta berehala, berandu izan aurretik, hartzen hasteko exijentzia luzatzen diogu Azpeitiko udalari.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi EAJren jarrera pleno guzti hauetan. Zentralaren proiektuari babesa adierazteaz gain, ezer gutxi egiten ari dira herrietan bertan. Ez dugu ikusten inongo postura aktiborik hartzeko asmorik dutenik ere.

Bukatzeko, adierazi nahi genuke elkarrizketa eta elkarlanerako ateak irekita jarraitzen dugula. Udalei dei egiten diegu, mesede baina kalte gehiago egingo duten makroproiektuak bertan behera uzteko. Eskualdean, datorkigun krisi-ekosozialari aurre egiteko, beharrezko neurri estrukturalak pentsatu eta martxan jartzeko; herritarren formakuntza eta kontzientziazioa bultzatzeko ondoan izango gaituzte.


Azpeitian, 2023ko apirilaren 19a




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide