Albisteak

[ZUTABEA] Nik baiezkoa

Apirileko azken egunak dira eta urtero bezala bertara etorri naiz. Berak erakutsi eta ekarri gintuen lekura. Berak maitatzen erakutsi zigun lekura. Hainbeste momentu bizi eta gozatu ditugun lekura, eta azkenik bera ere gelditu zen lekura.

Hamabost urte dira urtero egun honetan bertara gerturatzen naizela, batzuetan lagunekin beste askotan bakarrik.

Gaurkoan bakarrik nago, baina ez du asko iraun bakardade honek.

Gaurkoan mendiak hitz egin dit, euri ondoren behetik gora datozen lainoek hitz egin didate. Gaurkoan ukitu ez dudan eta hainbeste gris tonu desberdin dituen kare-haitzak hitz egin dit. Berak hitz egin dit.

Bizitzaz, bizitza honetaz, honetaz hain zuzen ere, hitz egin didak, hitz egin diagu.

Bizitza hauxe, hauxe hain zuzen ere, baita bizi behar duguna, despistatuta ahalik eta denbora gutxien pasata. Beste gauza asko bezala, hauxe ere bukatzen baita.

Badirudi bizitza delako hau, oso hitz potoloa dela, baina ez dut uste. Askoz ere xinpleagoa dela esango nuke, eguneroko gauza xinpleenak direla bizitza esango nuke. Gauza, ekintza, egoera, leku eta batez ere harreman xinpleenak.

Halako etorkizuneko proiektu eder, handi eta faltsu bati begira gabiltza, behar baino denbora gehiago, despistatuta gabiltza, benetakoa den hori galduaz.

Urrunean irudikatu eta amesten dugun horren zain gaude, bizitza, etorriko den hori delakoan, zain… despistatuta… konturatu gabe zain gauden denbora guzti hori dela bizitza, galtzen ari garen horixe, hauxe bera.

Maite dugun jende asko joan da eta joango da, joango gara. Beste asko sufritzen ari da eta ariko da, ariko gara.

Horregatik balio du baiezkoak, asko pentsatu gabeko baiezkoak.

Tragoa hartuko al diagu??… Bai noski.

Apaimokua egingo al diagu??… Bai, bihar bertan zergatik ez??

Mendi bueltatxoa bai??…(kristoren perezarekin) BAI, ni apuntatze nauk.

Hurrengoan ea gelditzen garen…. Bai, ostiralean bertan??

Aspaldiko lagun batekin gogoratzen garela?… Ba deitu, oraintxe, bizitza honetan, hain zuzen ere honetantxe.

Alegia… ba horixe…

Nik baiezkoa.

Nik aldeko botoa.

Guzti hau ere berak erakutsi zigun… esan gabe doa…

Aritz Cestona




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide