Albisteak
[ADINEKOEN TXOKOA] Gisasola egoitzara bisita
— 2023-07-23Oriangoan, Jone Gartziarena zuzendariarekin solasalditxoa izan dugu.
Noiztik egiten duzu lan hemen?
Erizain ikasketak egin nituen, eta gero Geriatrian espezializatu nintzen Madrilen. Lehenbizi, Zumaiako San Juan egoitzan egon nintzen, eta Pasaian ere udako ordezkapenak egin nituen. Ondoren, Zestoara etorri nintzen. Miguelek kontratu finkoa egin zidan eta jada 18 urte daramatzat bertan lanean (egoitzak 20 urte ditu).
Egoiliarren zaintza ereduan aldaketarik egon al da urte hauetan?
Goitik behera. Lehen ahalik eta hobekien zaintzen genituen, baina egoiliarrek zegoenera egokitu behar izaten zuten. Gaur egun, pertsona bakoitzari egokituta egiten dugu lan.
Nola da hori?
Saiatzen gara etxean bizi balira bezala sentiarazten. Bakoitzari bere aukerak eman eta ahal den neurrian bideratzen. Adibidez, ohea gustukoa duena, azkena altxarazten, enkarguak egitea gustukoa duenari eta gai bada, enkarguak eginarazten, zer jantzi…
Non daude mugak?
Gaitasun kognitiboa noraino duen, mugitzeko arazoak dituen… Gu saiatzen gara bakoitzak duen autonomia garatzen. Zaintzak ez du zentzurik bestela.
Adibide batzuk?
Beraiek aukera dezakete nola jantzi, eskulanak egin, kartetan aritu, paseatu, sukaldean lagundu… Kontuan izan behar dugu egoiliar batzuk ondo daudela eta etxean bakardade sentipena zutelako daudela hemen. Bertan, gustura eta babestuago sentitzen dira.
Aktibitate denak egoitzan egiten dituzue?
Gehienak bai. Etxe batzuetara joan gara laguntza ematera. Inoiz ikusi ditugu egoera eta baldintza kaxkarretan, informaziorik gabe eta galduta. Adibidez, menpekotasun larria duen pertsona ohetik ateratzeko, grua eduki arren, honen erabilpena ez jakitea. Eskatuz gero, laguntzeko prest gaude. Besterik ez bada, aholkatzeko.
Beraz, egoitzan etxean bezala eta etxean egoitzan bezala.
Guk hemen hori lantzen dugu. Dena den, egoerak gogortzen direnean lan asko dago egiteko, menpekotasuna duenarekin, zaintzaile familia artekoekin edo kontratatuarekin. Ea herri mailan, denon artean lantzen ari garen proiektuarekin lortzen dugun, amesten dugun ZAINTZA DUIN HORI. Gure partetik saiatuko gara.
Pentsionistak Martxan taldea
Egin zaitez bazkide