Albisteak

Zestoa eta Urepele arteko senidetze proiektuaren aldeko bozka eman daiteke

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak “Ideiak 2023” partaidetza bidezko aurrekontuen bigarren edizioa jarri dute martxan. Ekimenaren helburua, Bidasoako bi aldeetako biztanleak elkarrengana hurbiltzea da eta herrialde bakoitzeko biztanleen artean banatzeko 150.000 euroko aurrekontua dago.

Duela bizpahiru urte jarri ziren harremanetan Zestoako eta Urepeleko udalak. Zestoako hainbat udal ordezkari eta dantza taldeko hainbat kide bertan izan ziren herria ezagutu eta lehenengo harremanak sortzen. Zestoako herriak Urepelekin senidetzeko proiektuan parte hartu nahi du, eta horretarako, partaidetzazko aurrekontuetan aukeratua izateko bozkatzeko aukera dute herritarrek.

Bozkatzeko epea irailaren 1etik irailaren 24ra dago zabalik. Gipuzkoako 16 urtetik gorako biztanleek eta Pirinio Atlantikoetako 11 urtetik gorakoek dute bozkatzeko aukera. Herritar bakoitzak hiru proiektu desberdin bozkatu behar ditu nahitaez. Bestalde, hastear diren herriko jaietan Erdikalean mahai bat jarriko dute dantza taldeko kideek herritarrek proiektua bozkatu ahal izateko.

Bozkatu hemen.

Senidetzeaz gain, beste lau ekimen ere gauzatzeko proposamena egin dute bi udalerriek:

  • “Urepele eguna” Zestoan eta “Zestoa eguna” Urepelen.
  • “Laborari gazteak eta emakumeak”, laborantza eta lehen sektoreari buruzko mugaz bi aldeetako ezagutza eta esperientzien trukatze-saioak.
  • Bertsolaritzaren bilakaera generoaren ikuspegitik, Uztapide eta Xalbadorren garaietatik gaur egunera.
  • Urepele eta Zestoa, senidetutako bi udalerriak lotuko dituen oinezko ibilbidea.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide