Danbolin Zestoako herri aldizkaria da. Hilabetekaria da eta Danbolin-zulo kultur elkarteak argitaratzen du. Danbolin auzolanean funtzionatzen duen talde handi bat da. Lan boluntarioan oinarritutako talde bat. Parte hartzen duen bakoitzak bere ikasketak, jakinduriak, trebeziak ditu, eta denen eskura jartzen ditu, Danbolin egiteko.

2000ko urrian argitaratu zen lehen zenbakia eta 300 kaleratzera iritsi da. Herritarren erdiak, hortxe nonbait, hartu du parte Danbolinen: batzuk artikuluak idazten, beste batzuk artikulu horietako protagonista izanaz eta beste askok bazkide edo diru-emaile gisa. Gazteek eta ez hain gazteek, helduek eta ez hain helduek, zaharrek eta ez hain zaharrek, jende frankok hartu du parte Danbolinen eta makina bat gai jorratu dira. Baina irakurtzeko ez ezik, ikusteko aldizkaria ere izan nahi du Danbolinek eta horretan, argazkiek protagonismo handia dute.

Danbolin oso hurbileko produktua da herritarrentzat. Izan ere, Izaera publiko nabarmena du eta etxe guztietara iristen da, doan. Beraz, herriko edozeinek dauka aukera aldizkaria begiratu eta irakurtzeko.

Danbolin egiten duen taldeak, aldizkariaz gain, beste hainbat argitalpen ere sustatu ditu eta herriko ekimen frankotan parte hartzen du:

Euskara Aholku Batzordeko kide da eta Zestoako euskalgintzan egiten diren ekintzetan parte hartzen du. Liburuak argitaratu ditu: Nire pausoak (Pepita Iriondo), Zestoari gorazarre – Canto a Cestona (Joan Jose Saezmiera), Zuri-beltzean bizi izanak (Argazki zaharren bilduma), Gurutzeaga pilotalekuak 100 urte, eta Zestoako Musika historiaren konpasean. Zestoako 1000tik gora argazki zahar bildu eta digitalizatu ditu. Lan horiek aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zestoako Udalaren eta beste hainbat erakunderen dirulaguntzak jasotzen ditu.

Danbolinzulo.eus webgunea aurrerapauso bat da Danbolinentzat. Mundu digitalean ere presentzia izateko xedez eta egun Internetek eta teknologia berriek duten eragina dela eta, plataforma berrien aldeko apustua egin nahi izan da. Hala, herritarrek inguruko berriak denbora errealean kontsumitu ahalko dituzte eta bien arteko interakzioa sustatuko da.

imagenquienessomos