Paperekoa
[ZUTABEA] Maddi Alberdi. Gogoan dut
— 2023-12-10Ez naiz inoiz idazle sentitu izan, ezta gutxiagorik ere! Baina aurtengo udan Mariasun Landarekin egindako ikastaroan idazteko har txiki bat piztu zaidala aitortzen dut. Eta zu, irakurle, egun batez idazle izatera jolastu nahi? 90Eko hamarkadan Joe Brainard amerikarrak “I remember” liburuan eta geroago Aritz Galarragak “Gogoan dut” liburuan egin zuen bezala, zure oroitzapenen liburuxka sortzera animatzen zaitut. Mariasunek ikastaroan esan zigun bezala, hartu arkatza eta papera eta utzi oroimenari bere bidea egiten. Hor doa nirea (zati bat, noski).
Gogoan dut amamak egun berezietan ematen zidan propina, bi buruko txanpona. Gogoan ditut andereño Begoñarekin egiten genituen Gabon Kanten entseguak. Gogoan ditut Koiote zaharreko eskailpera baloi eske etortzen ziren herriko neska-mutilak. Gogoan dut herriko festetan hondarra ekartzen zutenean kaniketan jolastea. Gogoan ditut bataioak, hasieran pezetak eta gero euroak. Gogoan ditut astearte gauak, zenbat ordu platereko arrainari begira. Gogoan dut igandetako txarangako Pakito Txokolatero. Gogoan dut Apatei okindegiaren segidako horman zegoen murala. Gogoan ditut matematikan egiten genituen telarrak eta ponpoiak. Gogoan dut eskolako Power Pointak disketeetan gordetzea. Gogoan ditut urtebetetzeetako merendolak eta ondorengo “a polis y cacos” jolasa. Gogoan dut Herrero tabernako sua. Gogoan dut koadrilako guztien telefonoak buruz jakitea. Gogoan dut Baba, sahararra. Gogoan ditut ibilaldietako Kodak argazki-kamera horiak. Gogoan dut koadrilako kamiseta ezkutuan aukeratzea Egañazpin. Gogoan dut DBHra joan eta azpeitiarrek preposiciones guztiak militarrak balira bezala errezitatzea. Gogoan dut azpeitiarrek ez zekitela txirula jotzen, eta guk bai. Gogoan dut mugikorreko politonoak infragorri bidez pasatzea. Gogoan dut SMStako bokal ia guztiak ezabatzea, bi mezu ez ordaintzeko. Gogoan ditut Zubiaurren bankilo gainean futbola ikusten pasatako arratsaldeak. Gogoan dut internet edukitzeko etxeko telefono-linea kendu beharra. Gogoan dut autotxokeetako eta frontoiko lurra batera ukituta ematen zuen kalanbrea. Gogoan ditut autobus geltoki zaharrean pasatako orduak. Gogoan ditut Aldalur autobuseko bideoklipak, Rammstein tartean. Gogoan dut errotonda genuela herrian, gurutzea. Gogoan dut lehenengo kalimotxoa, bost lagunen artean edan genuena. Gogoan dut lehenengo herri bazkaria, Euskal Selekzio egunean Laranjadin. Gogoan ditut udako nesken pala txapelketak. Gogoan dut…
Eta zuk, zer duzu gogoan?
Maddi Alberdi Izeta
Egin zaitez bazkide