Albisteak

[ARGAZKIAK] Zestotik mahaira, agroekologiaren teoriatik praktira

Aste honetan hasi da Zestotik mahaira agroekologia zikloa. Udalak bide honetan egin nahi duen ibilbidean, herritarrentzat informazioa eta praktikatzeko aukerak zabaldu ditu. Zikloak bi hilabetez iraungo du eta herrian naiz auzoetan garatuko da.

Agroekologia zer den ulertzeko eta aurrera nola eraman daitekeen ezagutzeko, “Zure platerean hasten da mundua” dokumentala proiektatu zen Alonderon asteartean. Aurkezpenean Landarlan elkarteko kide bat eta dokumentalaren gidoilariak hartu zuten parte eta filma ikusi ondoren bertaratutakoen artean Zestoako egoeraz eta praktikez aritu ziren.

Atzo, Koxinatu sukaldaritza agroekologikoa ikastaroari eman zioten hasiera, Maitane Cabeza zumaiarrak, garaian, garaikoa eta ahal dela bertako produktuak erabiltzearen logikari jarraituz, errezeta sorta berritzaileak erakutsi zituen. Taldean egin zuten sukaldean ikasle guztiek eta 2 orduko saio batean 5 errezeta ezberdin ezagutu eta kozinatzeko aukera izan zuten. Baita etxera afalduta joan ere.

Ikastaro honentan norbaitek parte hartu nahiko balu, urtarrilean berriro ere izango da aukera. Aizarnako Herri etxean, urtarrilaren 16, 18 eta 23an errepikatuko da lantegia. Izen eman nahi duenak urtarrilak 13a baino lehen egin beharko du ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide