Zestoako Gaztetxetik azken egunotako gertakariak direla zabaldutako idatzia
— 2024-01-24Pasa den igandean Zestoako elizan egin zen protestaren ondoren, hedabideak, alderdi politiko instituzionalak zein sare sozialetako tendentzia ezberdinetako perfil eskuindarrak egiten ari diren kriminalizazio eta manipulazio kanpaina gaitzesteko idazten dugu prentsa ohar hau.
Balorazioarekin hasi aurretik garbi utzi nahi dugu gaztetxearen desalojoaren aurka egiten ari garen protestaldia ez dela, ez Zestoako eliz komunitatearen kontrakoa ez eta inongo fededunen kontrakoa ere. Izan ere, guk norbanakoaren erlijio-sinesmenaren askatasuna onartzen dugu eta inongo momentuan ez da inoren fedearen aurkako ekintzarik egin. Are gehiago, Gipuzkoako Gotzaindegiaren jarrera salatu nahi da, bera baita fedea instrumentalizatuz ehunka higiezinen jabe den espekulatzailea; bera da balore batzuekin predikatu eta baloreok diru truke saltzen dituena. Argi uztearren: ekintza honekin elizak, Gazte Asanbladak herriari irekitako proiektu politiko, sozial eta kulturala desalojatu nahi duela salatu nahi da; nahiago duela espazioa hutsik utzi eta herriko bi gazte 70.000€ ingurura kondenatzea. Elizak denbora darama negoziaketak ukatzen eta esertzeko eskatu nahi izan da.
Atzo arratsaldean argitaratu zen Gipuzkoako Gotzaindegiaren gutuna. Bertan euren burua biktimizatu, eta esan bezala, Zestoako Gazte Asanblada kriminalizatu nahi izan dute. Biktima omen da zaurgarrien kupidaren eta elkartasunaren atzean milioika euro ezkutatzen duen instituzioa. Biktima omen da beste edozein instituzio politiko eta ekonomikok bezala, atzetik estatu aparatu oso batek babesten duena. Eta gu, berriz, beraientzat gaiztoak, deabrua: gure eskubideak defendatzeko espaziorik gabe, gure ideiak zabaltzeko baliabiderik gabe, antolatzeko baliabide guztien pribatizazioaren aurka borroka egitera kondenatuak. Etikaz ere mintzo dira prentsa ohar honetan, guk irmo diogu ez dugula bere barnean adin txikikoen aurkako erasoak estaltzen dituen instituzio honengandik lekzio moralik onartuko; inor etxerik gabe dagoen bitartean milaka etxebizitza, lur-eremu eta bestelako higiezinak hutsik mantentzen dituenarengandik lekzio etikorik onartuko.
Medioek ere ez dute dudarik egin elizaren interes ekonomiko eta politkoak defendatzen. Izan ere EITB, Telecinco, Diario Vasco, Noticias De Gipuzkoa eta abar luze batek, Zestoako igande gertakaria probestu nahi izan dute egoera nahastu edota kriminalizatzeko. Orain arte ez da Zestoako Gaztetxearen auziaz inor gogoratu, elikagai biltegia, sektore zaurgarriekin lanketa eta ekimenak, hamarnaka prentsa ohar, ekimen kulturalak, agerraldiak, protestak, herrian egindako hiruehun sinaduratik gorako sinadura bilketa eta 700 apostasia eskari bildu arren. Orain, ordea, urtebete baino gehiago daraman borroka luze baten ekintza isolatu bat hartu eta beraien mesedetara manipulatzea erabaki dute. Eta hori ez da kasualitatea, beraien gogoan dagoena ez baita Zestoako eliz komunitateak jaso lezakeen eragozpena; jo puntuan dagoena gazte antolatuen borroka da, jo puntuan gazteok borrokarako kudeatzen ditugun espazioak dira; finean, guztien helburua gazteak geure interesak defendatzeko balibiderik gabe uztea da.
Alderdi politiko ezberdinek ere parte hartu nahi izan dute zalaparta honetan; modu ezberdinetan baina PNVk, PPk eta EH Bilduk egin baitituzte euren adierazpenak. Salbuespenik gabe denek salatu dute igandeko protesta eta guztiak bat datoz berdinean: ezer ez dugunok ezingo dugu inoiz ezer eduki, protesta inor gogaitzeko modukoa bihurtzen bada ez baita zilegia; berdin dio beraientzat protestaren arrazoiak, berdin dio salatzen ari zaren injustiziaren aktoreak zurekin hitz egin nahi ez badu ere: isilik eta akritiko nahi gaituzte. Kasu honetan, okupazio ekintzak hasiera-hasieratik uzten du Gazte Asanbladaren ahotsa eztabaidatik kanpo, guztia egin behar baita Estatuaren barneko markoak errespetatuz, eta nola ez heurek inposatutako bizikidetzaren terminoetan.
Azpimarra berezia egin behar dugu Zestoako EH Bilduren jarreran gainean, bera baita auzi honetako hirugarren protagonista. Zestoako alkateak une oro bere burua zuritzeko bitartekari papera hartu du, bera izanik arazoaren erantzule nagusietako bat; alkateak hitz eman baitzigun orain gaztetxea dena Gazte Asanbladari emango ziola. Bere neultraltasuna, ordea, ezbaian dago igandeko ekintza salatu eta herriko bi gazteren aurkako epaiketaren aurrean txintik esan gabe geratu den bitartean. 70.000€-ko isuna jaso dezaketela gogoratu nahi dugu.
Zestoako Gaztetxea aurrera!
Egin zaitez bazkide