Albisteak

Asteartean egingo da 2024ko aurrekontu parte-hartzaileetara proposatutako proiektuen aurkezpen irekia

Asteazkenean (otsailak 21) amaitu zen 2024ko aurrekontu parte-hartzaileetara proposamenak egiteko epea. Udalak, proiektuen egokitasuna begiratuko du aste honetan, eta aldez aurretik eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektuak, asteartean, otsailaren 27an, jendaurrean aurkeztu beharko dira. Bilera, arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxeko areto nagusian.

Proiektuak aurkeztu ondoren, azterketa fasea hasiko da, otsailak 27tik martxoak 28ra bitartean udal teknikariek proiektuen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoak aztertuko dituzte. Azkenik, apirilaren 9an bilera ireki batean emaitzak jakinaraziko dituzte eta hortik aurrera bozketa faseari hasiera emango zaio apirilaren 26a arte.

Apirilaren 30ean bozketaren emaitza eta parte hartze datuak emango dira azken bilera batean, eta 2024ko maiatzetik aurrera udalak proiektuak planifikatu eta gauzatuko ditu.

Otsailaren 2an, Mikel Arregi Alkateak, IƱaki Odriozola zinegotziarekin batera egindako prentsaurrekoan, garrantzia eman zioten aurkezpen irekietan parte-hartzeari. Izan ere presentzia horrek ematen dio zentzua parte-hartze prozesuari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide