Albisteak
Aurtengo aurrekontuaren lehenengo aldaketa onartu da aho batez
— 2024-03-25Pasa den asteko udal batzarrean 2024ko aurrekontuen aurreneko aldaketa onartu zen aho batez. Gehikuntza garrantzitsuena GI 631 errepidearen bulebarizazio lanekin lotutako partida izango da. Udalaren zorpetze mailan ez du eragingo gerakin orokorra erabiliko baita 1.595.573 euroko gastua egiteko eta ez da mailegurik eskatuko.
GI 631 errepidearen bulebarizazioa eta herriko sarrera-irteerak nahiz barne zirkulazioaren egokitzea
GI 631 errepidea lurrazpira eramateko aukera baztertu zenetik, errepidea bulebarizatzera jotzeko aukerak hartu du indarra. Gauzak horrela, Udalaren helburua, errepide zati hori, semaforo eta zebrabide bitartez, herri barruko ibilgailuen abiaduran zeharkatzeko modukoa egitea da. Modu horretan, Arteaga auzoa herrira gehiago batuko da, eta eskolara irisgarritasuna ere hobetuko da, mediku etxe ondoan egingo den espaloi berritik zuzenean patiora sartzeko aukera izango baita. Herriko sarrera irteeretan ere aldaketak egingo dira, norabide bakarreko barne zirkulazioa lehenetsiko da eta oinezkoei emango zaie lehentasuna.
Helburua lanak bi urteko epean amaituta izatea da. Udalak exekuzio proiektua egina dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostua. Herri barneko antolaketa eta irisgarritasunari dagozkion lanak Udalak finantzatuko ditu. Partida honek, 2024ko aurrekontuetan 630.000 euroko gehikuntza izan du. Bulebarizazioa eta bide segurtasunari dagozkion gastuak, berriz, GFAk hartuko ditu beregain, eta 1.619.000 euroko aurrekontua izango dute. Lanak irailean hastea aurreikusten da.
Kiroldegiko lanak
Kiroldegiko estalpe berriaren lanak amaituta dauden arren proiektutik kanpo hainbat lan egin behar dira, hala nola: pilotalekuko kantxa erabat berrituko da eta kontrakantxa ere egurrez estaliko da. Bestetik, teilatu berriko eguzki bidezko energia sistema jartzeko diru laguntza jaso bada ere, zati bat Udalak ordaindu behar du eta aurrekontuetan 290.000 euroko gehikuntza izango du.
Aurrekontuen gehikuntza txikiagoak
Azkenik, 2024ko aurrekontuei eragingo dioten gehikuntza txikiagoak ere badira, besteak beste: aurrekontu parte-hartzaileak, Foru Plazako konponketa lanak, Irikaitz aisialdi parkeko proiektua eta Arroabeko sarrera-irteeren txukunketa lanak.
Egin zaitez bazkide