Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Gaur, urriaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan, udalbatzarra egingo da. Hurrengoa izango da gai ordena:
1. 2024ko urriaren 10eko ez-ohiko bilkuraren akta onartzea, bidezkoa balitz.
2. Maialen Etxeberria zinegotziaren kargu hartzea.
3. Udaleko batzordeen berrantolaketa.
4. 2024 urteko aurrekontuaren 3. aldaketa.
5. Auzotaxi bonoaren ordenantzaren aldaketa.
6. Argiola E.B.K.n udal ordezkaria izendatzea.
7. Erregu eta galderak
Laugarren gaia, 2024 urteko aurrekontuaren hirugarren aldaketa izango da gairik garrantzitsuena eta Udalak aldez aurretik ondorengo oharra kaleratu du:
Zestoako Udal Gobernuak Madrilgo Auzitegi Gorenak Udalaren aurkako epaia berretsi duela jakinarazi nahi du.
Auziak jatorria 1999an du, non Ekainberri museoa eraiki ahal izateko Udalak lur-jabeekin hitzarmena sinatu zuen, besteak beste, lur jabe bati udal lanpostu finkoa eskainita.
Ondorengo legealdietan auziaren baitako gorabeheraren bat izan bazen ere, 2017an sartu zen Udalaren aurkako salaketa judiziala, non 1999an sinatutako hitzarmena bete ez izanagatik, besteak beste, urte guzti horietako soldatak ordaintzea eskatzen zitzaion Zestoako Udalari. 2019ko urtarrilean, Azpeitiko auzitegian izandako epaiketan, Udala ia 500.000 eurotako kalte ordaina ordaintzera zigortzen da, bere garaian hartu zituen konpromisoak ez betetzeagatik.
Auzitegi Probintzialak epaia 2021eko maiatzean berretsi egin zuen eta Udal Gobernu berriak azken zirrikitua baliatu eta auzitegi gorenera jo zuen. Auzitegi Gorenak helegitea tramitera onartu zuen arren, azkenean, aurreko epaia berretsi du eta, honenbestez, ibilbide judiziala amaitu berri da.
Bere garaian salatu genuen bezala, Udalarentzat inoiz lanik egin ez duen pertsona bati dirutza hori ordaindu behar izatea ikaragarria da. Baina injustizia hau gertatu bada, bere garaian gauzak oso gaizki egin zirelako izan da. Batetik, hasera hartan, lanpostua eskaintzea ez zen erabaki zuzena izan, eta bestetik, epaiketa egin zenean, 2015-2019 legealdian, Udalak okerreko prozedura judiziala erabilita, hau da, bide zibil soiletik jo eta orduko udal arduradun gorenaren lekukotasun negargarria tarteko, epaia galdu izanak, ondorengo bidea erabat baldintzatu du.
Gauzak horrela, Udalak epaia bete eta 523.000 euroko ordainketa egin beharko du. Kopuru horrek egun Zestoako Udalak duen kaudimen ahalmena erabat kaltetuko du eta Udalaren zorpetze maila ona bada ere, altxortegirik gabe geldituko denez, 2025eko aurrekontuak erabat baldintzatuak geldituko dira.
Bukatzeko, Udal honek ahalegin guztiak egingo ditu, inoiz gertatu behar ez zuen epai honek eragindako kalte ekonomiko larriari legealdian zehar buelta eman eta oinarrizko zerbitzuetan herritarrek eraginik jasan ez dezaten.
Zestoan, 2024ko urriaren 29an
Udalbatzarrak zuzenean jarraitzeko aukera izango da hemendik aurrera
Zuzenekoa www.zestoa.eus webgunetik egingo da; bertan atal bat egokitu da aurreko hainbat udalbatzar biltzen dituena, eta zuzeneko emisioa ere bertatik egingo da