Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Inauteriak direla eta, aurten ere egun osoko festa izango da larunbatean. Eguna 12:30ean hasiko da, azken urteetan egin den moduan, Zestoako Batukadak giroa alaituko du Musika Eskolako haurren kalejirarekin batera, 14:00 arte.
Arratsaldean, 17:30ean umeen desfilerako izen-ematea izango da udaletxeko arkupetan. Ordu-erdi beranduago, 18:00etan, Gaztelekuak antolatuta, desfileari hasiera emango zaio.
Ondoren, 19:00etan hasita, Ustekabe txarangak kaleetako festa giroari jarraipena emango dio bi orduz. Atseden labur bat egingo dute, eta 22:30ean hasita, beste bi orduz joko dute.
Helduen desfilea bueltan
Aurtengo berrikuntza moduan, herriko lagun talde batek antolatuta, helduen mozorro desfilea egongo da. 21:00etan emango zaio hasiera Erdi kalean, baina parte-hartzaileek 10 minutu lehenago udaletxeko arkupetara gerturatu beharko dute.
Parte-hartu nahi duenak, banaka, binaka nahiz taldean egin dezake eta Portale kulturgunean eman beharko du izena. Haurren kasuan, helduekin batera mozorrotuta badoaz soilik parte hartu ahal izango dute.