Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Euskadiko Orkestrak Logelan logale izeneko haur kantata estreinatu du, asteartetik ostegunera bitartean Donostian eta Gasteizen eskainitako hiru emanalditan. Jagoba Astiazaran izan da protagonistetako bat, jatorrizko musika berak sortu baitu. Leire Bilbao idazlearekin elkarlanean garatutako proiektua izan da.
Kontzertu parte-hartzaile hauetan, Gipuzkoako eta Arabako 22 ikastetxetako 1.300 ikasle inguruk hartu dute parte, Euskadiko Orkestrarekin batera abesbatza erraldoia osatuz.
Jagoba Astiazaranen hitzetan, “oso esperientzia positiboa izan da”, eta lantaldean izan duten giro ona nabarmendu du: “Leire Bilbao idazlearekin oso tratu ona izan dut”.
Bitxikeri gisa, Jagoba Astiazaranek azaldu digu Euskadiko Orkestrak haur kantata bat egin zuen azken aldia 1998an izan zela. Orduan bera 11 urteko haurra zen, eta emanaldi hartan abeslari gisa parte hartu zuen. “Niretzat oso hunkigarria izan da. Duela 27 urte haur bat gehiago nintzen kantata abesten, eta orain, 27 urte geroago, sortzaileetako bat naiz”, adierazi du. Halaber, azpimarratu du orduko zuzendaria eta orkestra beraiek izan direla oraingoan ere.
Etorkizunari begira, honakoa gehitu du: “Orain kantuan aritu diren 1.300 haurretako batzuek, 27 urteren buruan nik sentitu dudan bera sentitzea gustatuko litzaidake. Espero dut kantata hau abestu duten umeek urteetan zehar gogoan izatea bizitako esperientzia hau”.
Jarraian Logelan logale haur kantataren bideo bat: