Olaizola Etxabe bikotea garaile II. Etxera Pilota Txapelketan
Danbolin— 2025-07-18Arroabeko Karmenetako ospakizun bete-betean, atzo, ostegunez, jokatutako pilota partiden kronika idatzi du Beñat Lizeagak:
Zestoako Sarek antolatutako II. Etxera txapelketako finalak izan ziren ostegunean arroako frontoian. 12 bikotek hasi zuten txapelketa eta aizarnazabalera joan da txapela.
3. eta 4. postuetarako lehian Ellakuriak ordezkatu zuen final erdietan minez jokatu zuen Irisarri eta igorrearrak ongi bete zituen ordezko lanak. Ia partida guztian izan ziren markagailuan aurretik eta Fleitas-Ibarguren bikote zumaiarrak ezin izan zuen bizkaitarraren ezker boleek jarritako erritmoa eutsi. Fleitasek lan handia egin behar izan zuen atzeko koadroetaraino jetsita eta nekez zeukan aurrean pilotarekin min egiteko aukerarik.
Atzelariek lan txukuna egin zutenik ezin ukatu. Zumaiarrak eskubiarekin pilota luzatzeko aukera izaten zuen, baina Irisarri adunarrak akats gutxi egin ditu partida, eta txapelketa, osoan zehar eta horrek aurrelariari lanak asko erraztu zizkion. Azken emaitza 22-17.
Finala ere erritmo handikoa izan zen eta 18. tantoraino iritsi zen bikote urdina. Esku biziko bi aurrelariak ikuslegoaren txalo zaparrada bat baino gehiagoren jabe egin ziren. Etxabe zumaiarrak tantoak egiteko gaitasun sobera duela erakutsi zigun eta zabalean galdutako pare bat pelota kenduta, partida handia egin zuela aitortu behar. Arruti aiarrak hanka ederrak eta ofizioa duen pelotaria dela demostratu zuen. Olaizolak sortzen zituen zuloak estaltzeko gai izan zen, atzean nahiz aurrean, pilota zailak eramanda.
Aizarnazabalgo atzelariak, guztietan zaharrenak, urteak aurrera joanagatik ere sasoian dagoela ikusarazi zigun. Hutsegite gutxi, atzeko koadroetatik pilota zailak atera eta momentu konplikatuetan aurrelaria lasaitu eta partida irakurtzen jakin zuen. Aitzitik, final honek pilotari baten izena behar bazuen, Ibai Olaizolarena zen. Sasoi handiko gaztea, bi eskuekin ederki astintzeko ahalmena izan eta baita tokatzen zitzaionean aurrean bukatzeko ere.
Ezin eskertu gabe utzi txapelketa osoan zehar, akatsik egin gabe, lanean aritu den epailea.
Egin zaitez bazkide

