Albisteak

Martxan dira Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorriaren obrak

Iraeta eta Narrondo auzoak lotuko dituen bidegorriaren lanak abian dira jada. Atzo, asteazkenez, izan zen obren hasieraren harira antolatutako bisita instituzionala eta Agote baserriaren inguruan elkartu ziren, bide berriak zeharkatuko duen puntu batean. Bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten hasitako lanak.

Urola bailarako bide berdearen azken tartea osatuko duen ibilbide hau 2026 amaierarako edo 2027aren hasierarako amaituta egotea aurreikusten da. Orduan, herritarrek Zumarraga eta Zumaia arteko 47 kilometroko korridore berde jarraitua izango dute, bizikletaz edo oinez egiteko modukoa. Egun falta den tarte bakarra 4,15 kilometroko bidea da, Iraeta eta Narrondo artekoa. Pasa den astean hasi ziren hondeamakinak lanean Narrondo eta Arroagoia arteko bidegorriaren tartean, eta lan horiek 9 hilabete inguruko iraupena izango dute. Bestalde, Arroagoia eta Iraeta arteko lanak datorren urtearen hasieran abiatzea aurreikusten dutela adierazi zuten agerraldian.

Obren bisitaldi instituzionalean José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Miguel Ángel Páez Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea, Clara Navas Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria, Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Mikel Arregi Zestoako alkatea, eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea izan ziren.

Agerraldian aldundiko teknikari batek azaldu zuenez, bidegorriaren Iraeta eta Narrondo arteko lanak hiru zatitan egingo dituzte, eta pasa den astean abiatutakoak lehen zatiari dagozkionak dira. Arroabeko bidegurutzean, Bombas Azcue enpresa dagoen puntutik Arroagora arteko tartea egingo dute lehendabizi. Bidegorriaren zati hori Urola treneko plataforma zenaren gainetik joango da, eta AP-8 autobideko eta GI-631 errepide azpitik igaroko da bi puntutan, trenaren Arroako tuneleko iparraldeko ahoarekin bat egin arte.

Bidegorriak ia ibilbide guztian lau metroko zabalera izango duela ere jakinarazi zuten. Gainera, asfaltatutako eta argiztatutako bidegorria izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2,8 milioi euroko inbertsioa egingo du tarte berrian, eta zati bat Europako Next Generation funtsekin finantzatuko da. Trazadurak Urolako trenbide-ibilbide zaharra aprobetxatzen du eta zati batean N-634 errepidearen ondotik igarotzen da, paisaian arreta handiz eta errespetuz integratuz. Lanak egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak esku hartu behar izan du, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, 4 milioi euro inguruko kostuarekin, bidegorri berria Urolako trenbidearen trazadura zaharretik igaroko baita.

Ekitaldian izan ziren alkateek poz handiz hartu zuten bidegorria osatzeko lanak martxan daudela jakitea. Mikel Arregi alkateak, Zumarragatik Zumaiarako ibilbide hau Gipuzkoako bailara berde moduan izendatu genezakeela aipatu zuen. “Garai batean Urolako tren elektrikoak lotzen gintuen, Estatuan lehena izan zen hura, eta orain, 2027rako, bizikletak izango direla lotura hori egiteko bitartekoa espero dugu”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide