Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Uda iritsi da bere zeru urdinarekin, eta beroekin, opor usain, gogo eta beharrak ere badatoz. Horrekin batera planak egiteko gogoa ere badatorkigu: hondartza, mendia, terrazetako egonaldi luzeak, herrietako festak… bizipoza, alegia.
Horien guztien artean, liburuak irakurtzeko gogoa ere berpizten zaigu, niri bederen. Berdin da azkenaldian oso irakurle ez banabil ere, baina udarekin batera irakurtzeko grina berriz ageri da. Ohe ondoan zenbat eta liburu dorre handiagoa izan, orduan eta babestuago lo egiten dudan bezala, udako oporraldia askoz ere gogotsuago hasten dut esku artean ondo aukeratutako liburu bat, bi edo gehiago baditut.
Daniel Pennacek, bere Como una novela saiakeran, irakurzaletasunaz eta, batez ere, zaletasun ezaz dihardu. Bertan dio, normalean irakurri ditugun liburu ederrenak edota gustukoenak maite ditugun pertsonek gomendatu eta emandakoak direla, eta oso gutxitan eskolak edo kritikak gomendatutakoak. Eta honi heldu nahi diot.
Berak dio, “maitatzea” –gure kasuan “liburu” gustukoenak– gure pertsona gustukoenei oparitzean datzala, liburu eta lagunez inguratuta bizi baikara.
Maite dugunak gure eskuetan liburu bat jartzen digunean, bere lerroetan pertsona horixe topatzen saiatzen gara, liburu hori gure eskuetan jartzearen arrazoiak aurkitu nahian. Ondoren, liburuak berak harrapatzen gaitu eta gozatzen dugu. Baina askotan denborarekin, liburuaren izenburua aipatzearekin batera pertsona honen aurpegia datorkigu.
Udan ere irakurtzeko aukerak zabalak dira, eleberri eta saiakeratatik hasita, aldizkarietaraino (Cuore ez, zeren eta aurrekoan hondartza ondoko kioskoan galdetu nuen, eta urtebete luze omen da argitaratzeari utzi ziotela).
Aukeraketan lagundu asmoz ariketa bat proposatu nahi nizueke. Maite dugun horri liburu bat gomendatu, eta maite gaituenak ere gomendatu diezagula. Horrela, hondartza, mendi edo beste edozein lekutara goazela ere, izango dugu poltsan nahitanahiez sartu beharrekoa. Udan lagun izango dugun “udako liburua”.
Aritz Cestona