Albisteak

Ekain kobazuloari buruzko informazio osatua azaldu zuten atzo udaletxean egindako hitzaldian

Ondarearen Europako Jardunaldiak ari dira ospatzen hil honetan Gipuzkoako hainbat herritan, eta atzo Zestoaren txanda izan zen. “Ekain kobazuloaren berrikustea: XXI. mendeko arkeologiaren ikuspegi berria” izenburupean, Diego Garate arkeologoak eta Kantabriako Unibertsitateko arte parietal paleolitikoan doktoreak eskaini zuen hitzaldia.

Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako Ekain kobazuloari begirada berri bat eman dio arkeologo talde batek, azken urteetako ikerketa arkeologikoen sistemetan eta metodoetan egindako aurrerapenei esker. Horri esker, kobazuloari buruzko informazio berria eta osatuagoa jaso dute, eta hori ezagutzeko aukera izan zuten atzo udaletxeko pleno aretora bertaratutakoek.

Bisita gidatua Ekainberrin

Bestalde, bihar, hilaren 11n, “Nola egin zen Ekainberri erreplika?” izeneko bisita gidatua eskainiko dute Ekainberrin. Euskarazko bi saio izango dira: lehena 11:30ean, eta bigarrena 16:30ean.

Ekaingo jatorrizko kobazuloa 1969an haren labar artelanak aurkitu zirenetik dago itxita publikoarentzat, ondarea babesteko helburuarekin. Publikoari artelan horiek erakusteko asmoz, Ekainberri eraiki zen gero, eta biharko bisitan museoaren sorrera azalduko dute.

Bisita helduei zein haurrei zuzenduta egongo da. Izen-ematea doakoa da, baina plaza mugatuak direnez, interesa dutenek 943 86 88 11 telefono zenbakira deitu edo info@ekainberri.com helbidera idatzi beharko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide