Albisteak

Euskararen astea ospatuko da Arroabean

Euskararen Astea ospatuko dute hainbat ekitaldirekin Arroabean. Aurtengo egitarauak haur zein helduentzako jarduerak bilduko ditu, euskararen erabilera ardatz hartuta.

Abenduaren 3an, asteazkenez, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, ospakizunek eskolako jaialdiarekin emango diote hasiera asteari. Arratsaldeko 15:00etan, ikasleek prestatutako emanaldia izango da frontoian, familia eta herritarren aurrean. Egun berean, arratsaldeko 18:30ean, literatura beltzak hartuko du lekukoa Elkargunean. Kepa Iribarrek eleberri berria aurkeztuko du: “Erleen azken ziztada”. Idazleak lanaren sorkuntza prozesuaren eta istorioaren nondik norakoen berri emango du. Abenduaren 5ean, ostiralean, haurrei zuzendutako beste hitzordu bat izango da. Arratsaldeko 17:30ean, Dorleta Kortazarren eskutik ipuin-kontaketa emanaldia izango da Elkargunean, txikienen irudimena pizteko asmoz. Euskararen Asteari amaiera borobila emateko, 19:00etatik aurrera gaztaina erreekin elkartuko dira herritarrak frontoian. Neguko giroan, elkargunerako eta solasaldirako aukera ederra izango da.

Beste behin ere, Arroabeko Hezkuntza komunitatea osatzen duten Arroako Eskolak, Sakulupe Guraso Elkarteak eta Ezkaizto Auzo Elkarteak indarrak batu dituzte aste osorako egitarau bateratua antolatzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide