Paperekoa

[ZUTABEA] Berdintasunari buruzko heziketa ere etxetik hasten da

Gizarte berdinzalea garela esango al zenukete? Bai, noski…

Indarkeria matxista identifikatzen ikasi dugula uste duzue? Bai, noski…

Kaleko inkesta bat egingo bagenu, badirudi galdera horien erantzunak positiboak izango liratekeela. Baina zoritxarrez, errealitatea ez da horrelakoa.

Duela gutxi Emakundek antolatutako Beldur Barik programaren komunikazio lanetan parte hartzeko aukera izan dut. Programa horren helburua da gazteen artean indarkeria matxista saihestea eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzea, Beldur Barik Jarrera bultzatuz. 

Baina Beldur Barik jarrera sustatzeak ez du soilik esan nahi emakumeen ahalduntzea bilatzen denik, gizonezkoen inplikazioa eta indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa ere jomugan daude. Eta azken egunetan ikusi dudanagatik, helburu horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira. Uste nuen azken urteetan aurreratu genuela kontzientziazioan eta ahalduntzean, baina badirudi ez dela horrela.

Sestaoko irakasle batek esan zidan ez zutela Beldur Barik lehiaketara lanik aurkeztuko, ikasle taldeen artean, mutilen partetik, mezu matxistak nagusitu zirelako, ikus-entzunezkoak sortu zituztenean. Hain izan zen agerikoa emaitza, ezen Gizonduz zerbitzuarekin harremanetan jarri baitziren.

Bestalde, duela egun batzuk neska gazte batek aitortu zidan Zestoako autobus paradan, arratsaldeko 20:00etan lauzpabost neskak eraso egin ziela sentitu zutela, ipurdia begiratzen eta eurengana hurbiltzen zen gizonezko batek. Ez ziren ezer esatera ausartu, ondoren autobus berdinera igo behar zutelako.

Ez da nahikoa emakumeek egoerei erantzuteko bitartekoak garatzea, ez da nahikoa ahalduntzea. Indarkeria matxista egoerak sorrarazteko edo horiek babesteko prest dauden pertsonak dauden bitartean, ez dugu gizarte bezala aurreratuko.

Bi alaba ditut. Nire ardura da eurei indarkeria matxista egoerak identifikatzen eta horiei erantzuteko moduak eta bitartekoak aurkitzen laguntzea. Paradan beldurra sentitzen badute, zer egin dezaketen irudikatzen saiatzea. Baina nire lana ezerezean geratuko da beste etxe batzuetan egoera horiek sorrarazten dituztenen ingurukoek (aita, ama edo senideek) horiek baztertu eta salatzen ez dituzten bitartean. Batzuetan semeak, anaiak edo bilobak ez dira erasotzaileak izango, baina gizonezko bezala, bere inguruko egoerak salatzen bete dezaketen paper aktiboari buruz hitz egin beharko zaie. Berdintasunari buruzko heziketa ere etxetik hasten da eta gizartean zabaltzen da.

Elisabeth Pombo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide