Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Ekitaldi berezia izango da larunbat honetan Zestoan. Irakurle Gazteen Klubak Tapia eta Leturiaren Wafa abestiaren bertsioa egin du Fundizio Musika Elkartearekin eta herriko hainbat musikarirekin elkarlanean, eta sortutako kantaren bideoklipa ere grabatu dute. Lan horren aurkezpen publikoa martxoaren 14an egingo dute, 19:30ean, Gurutzeaga frontoian; eguraldi txarra eginez gero, kiroldegiko arkupean egingo dute saioa.
Gaztetxoen ekimenez sortu da proiektua, eta azken hilabeteetan lan handia egin dute bertsioa prestatzeko eta bideoklipa grabatzeko. Manu Rodríguezek egin du abestiaren moldaketa; ahotsak Fabio de las Morenasen estudioan grabatu dituzte Jagoba Astiazaranen gidaritzapean, eta nahasketak Eñaut Gaztañagak egin ditu Gaztain estudioan. Bideokliparen errealizazioa Oier Arregiren esku egon da eta antolatzaileek aurreratu dutenez, “oso itxura ona” izango duen lana da.
Ekitaldiko aurkezlea Joritz Zunzunegi izango da. Ondoren, Azpeitiako Apoa (Askoren POesia Ahotsak) taldeko kideek Palestinako poeta batzuen poesiak errezitatuko dituzte, euskarara ekarrita. Bestalde, Irakurle Gazteen Klubeko zazpi gaztetxok proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta amaitzeko bideokliparen proiekzioa egingo da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurkezpena ez da proiekzio hutsa izango: saio berezia prestatu dute eta sorpresak izango dira. Izan ere, Irakurtzeko elkartzetik abiatuta sortu den egitasmo honek elkartasun keinu handia ekarri du, eta herritar askok hartu dute parte modu batean edo bestean.
Gainera, gaztetxoek egindako txapak, pultserak eta giltzatakoak ere salgai egongo dira borondatearen truke. Bildutako dirua martxoaren 29an Palestinara abiatuko den bigarren flotillarentzat izango da.
Tapia eta Leturiaren Wafa abestia Wafa Idris palestinarrari eskainitakoa da. Idris Palestinako gatazkaren testuinguruan ezaguna egin zen, eta bere istorioak oihartzun handia izan zuen. Abestiak Palestinaren inguruko gogoeta eta elkartasun mezua dakar, eta horixe bera izan da, neurri batean, Zestoako gaztetxoek egindako proiektuaren abiapuntua ere.