Albisteak

Erraustegiaren proiektua gelditzea aldarrikatuz elkarretaratzea egin da Zestoan

Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta elkarretaratzea izan da astelehen arratsaldean Zestoan. Elkarretaratzea frontoi zaharrean zegoen deituta, eta herritarrak bertan elkartu ondoren plazarainoko ibilbidea egin dute. “Erraustegirik ez, ez gure izenean” izan da elkarretaratzearen goiburua.

Gipuzkoako herri guztietan deitu dira erraustegiaren aurkako elkarretaratzeak. Errausketaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez “ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa. Esan diezaiogun ez! Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen Erraustegiari, alferrikakoa den Erraustegiari”.

Horretaz gain, alternatiba badagoela azpimarratu du mugimenduak: “2009an hasita Gipuzkoan martxan dago alternatiba… Erraustea baino garbiagoa, osasuntsuagoa eta merkeagoa. Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago martxan hondakinen kudeaketa alternatiboa. Gipuzkoan demostratzen ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik”.

Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei “erraustegiaren proiektua gelditzeko” eskatu diete.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide