Albisteak

Zestoako EH Bildu: “autobus zerbitzuetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri dituen aldaketak zestoarrak bereziki kaltetzen ditu”

Autobusen ibilbideen eta ordutegien aldaketaren ondorioz, Zestoako EH Bilduk honako oharra kaleratu du:

Zestoako EH Bilduren ustetan autobus zerbitzuetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri dituen aldaketak zestoarrak bereziki kaltetzen ditu. Izan ere, Urola Erdiko beste herriekin batera, Donostiarako zerbitzuak Amaran geldialdirik ez egiteak herritar asko kaltetzen ditu, erdigunetik bertara joateko beste autobus bat hartzera behartzen gaituelako.
Bestalde, aurreko legealdian Ermuatik Azpeitiarako zerbitzua Zestoaraino luzatzea erabaki zen. Geroztik Zestoak Elgoibar, Eibar eta Ermuarekin lotura zuzena izan du. Orain, eta zerbitzuaren maiztasuna gehitu arren, berriro ere Azpeitian amaitzen da aipatu zerbitzua eta Zestoarrok aurrez aipaturiko herrietarako garraio publikorako aukera galdu dugu.
Beraz, Zestoako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskari zuzena egitea eskatzen dugu. Batetik, Donostiarako zerbitzuak Amarako geldialdia berreskura dezan eta, bestetik, Ermuatik Azpeitiarako zerbitzua oraintsu arte izan den bezala Zestoaraino luza dezan.

Zestoan, 2016ko otsailaren 17an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide