Paperekoa
Jardunian – ENRIQUETA ANTERO LUS
— 2016-03-01ENRIQUETA ANTERO LUS, 81 urte
Dagoeneko ume ez garen askorentzat pertsonaia garrantzitsua da Enriqueta; Juanita gozoki-dendako mostradore atzekoa, astebururo bisitatzen genuen emakume elegantea; koloretako hartzatxoak ematen zituena, ordainketak borobiltzeko. Enriquetaren amak ireki zuen gozoki-denda, Juanita zenak. Batzuk ezagutu zenuten Juanita, bai emakumea eta baita denda ere; beste batzuk, denda bakarrik. Eta bazaudete denda ezagutu ez zenuten gazteak ere; eskuinaldeko bitrina nolakoa zen ez dakizuenak, edota dendara sartzeko koska hura jaitsi ez zenutenak. Dena den, Enriquetak, 1997. urtean itxi zuen Juanita gozoki denda, bere amak 48 urte lehenago ireki zuena. Erraz ireki dizkigu etxeko eta bihotzeko ateak eta istorio gozo eta garratzak badituela jakin dugu.
Ez omen zinen Zestoan jaio…
Gure aitaren gurasoak Donostiako parte zaharrekoak ziren baina Zestoan bizi ziren. Seme baten tuberkulosiagatik medikuak mendi inguruan bizitzea gomendatu zioten. Orain Eusko Alkartasunako etxea den horretan bizi ziren. Gure ama eta biok 1936an etorri ginen Zestoara; gerra zibila hasi zenean.
Zuen aita ez?
Francoren garaian alde egin zuen aitak. Kotxeak saltzen zituen: Agirre lehendakariari saldu zion kotxe blindatu bat. Jaurlaritzak txanpon eta billete propioak jarri zituen zirkulazioan gerra garaian, eta gure aitak diru horretan kobratu zuelako segika zeuzkan frankistak. Frantziara ihes egin zuen aitak, eta bera topatzen ez zutenez gure ama atxilotu zuten. Larrinagako kartzelara eraman behar zuten, Bilbora; kartzela benetan txarra zen hura! Etxeko atezainarekin utzi ninduen amak, bera epaitegira joateko.
Kartzelaratu egin zuten?
Epaileak esan zion amari senarra fusilatu egingo zutela eta ea non zegoen. Eta gure amak: “ez dakit, joan egin da, nik uste dut Frantzia aldera edo”. Kasualitatea, epaileak gure ama ezagutzea; Atarfeko dukesaren semea zen epailea eta gure ama haren mirabea izandakoa, eta hala esan zion: “ezagutzen zaitut eta fabore asko egindakoa zara gurean, horregatik atzeko atetik aterako zaitut eta ihes egin. Ba al duzu nora joan?” eta amak baietz, amaginarrebarengana joango zela Zestoara. Gure ama humezurtza zen eta, orduan, aitaren aldeko aiton-amonena etorri ginen.
Aitaren berri izan al zenuten?
Aita Frantziara joan zen, amak uste zuen bezala. Hasieran bidaltzen zuen berriren bat eta, gerora, tarteka etortzen zen. Maitale frantses bat topatu zuela jakin genuen. Negoziantea zen eta ekonomikoki ondo bizi zela bagenekien. Noizbehinka etortzen zen eta opari asko eta onak ekartzen zizkidan. Gure amari amorrua ematen zion opariak ekarri eta dirurik ez ekartzeak. Guk ia jatekorik ez eta bera opariak ekartzen…
Zer moduzko harremana zenuten etortzen zenean?
Ama eta aita elkartzen ziren bakoitzean errietan aritzen ziren. Aitak berekin eraman nahi ninduen baina amak ez zuen sekula onartu eta nik ere ez nuen nahi. Maitekorra zen oso, baina… Gero maitalearekin seme bat izan zuen eta ez zen gehiago etorri.
Eta ordutik bere berririk ez?
Halako batean Donostiatik dei bat jaso nuen; nik ordurako hiru alaba nituen (Enriqueta, Beatriz eta Begoña). Aita hil zela abisatu zidan osaba Enriquek, aitaren anaiak. Madrilen hil zen, eta ikustera joan nahi nuen haraino baina amak ez zidan utzi; gogorra zen gure ama. Donostiara joatearekin konformatu nintzen. Polloera joan ginen familia guztia, hilkutxa itxita zetorren eta ezin izan nuen ikusi. Pena horrekin geratu nintzen. Han ikusi nuen lehenengo eta azkenengo aldiz nire anaiordea. Aitaren antza zuen, altua, ederra, begi berdeduna… Nike ere hala ditut.
Nola jakin zenuten seme bat izan zuela?
Ni kalean enteratu nintzen. Disgustu handia eman zidan herriko emakume batek. Lagun guztien aurrean esan zidan: “Donostiatik nator, badakizu zein ikusi dudan? Zuen aita bere semearekin izugarrizko autoan” izoztuta geratu nintzen. “A bai?” esan nion, eta berak “jakingo duzu seme guapo bat duela”. Etxera joan eta negar pila bat egin nuen. Amak esan zidan bazekiela baina ez zidala esan nahi izan. Hobe lehenago jakin izan banu, horrelako sustoa ez hartzeko baina…
Zer moduzko bizimodua izan zenuten Zestoara etorrita?
Gure amak fideoa egiten zuen estraperloan. Francok heriotza-zigorra jarri zuen estraperlistentzat (kar kar kar). Zestoar batek salatu gintuen eta ni ospitalean nengoela, apendizeagatik, etxea miatzera etorri zen polizia. Barrenatarrek zuten gure etxeko giltza eta min handiz ireki zieten atea. Ez zuten irinik topatu, ordea. Izan ere, Barrenatarrak, Blas zena eta Jose Mari zena, igeltseroak ziren eta irin zakuak porlan zakuen artean gordetzen zizkiguten. Ai!, berei esker biziraun genuen denboratan… Zakuekin nahastu ez ginenean eta porlanezko ogia egin ez genuenean! (kar kar kar). Baina ez zen pasa ez.
Eta ez al zuten ezer topatu miaketan?
Irin zakurik ez baina fideoak egiteko makina topatu zuten. Kendu egin ziguten eta baita multa jarri ere. Gero bueltan saldu nahi izan ziguten (kar kar kar). Poliziak esan zigun ez zutela normalean etxerik miatzen baina zestoar bat tematuta zegoela gu estraperlistak ginela eta horregatik etorri zirela gurera.
Jakin zenuten zein zen?
Bai, bai. Dagoeneko hilda dago baina segituan jakin genuen.
Egindakoa saldu egiten al zenuten?
Gure amak ogi zuria saltzen zuen, orduan ohiko ogia horia izaten zen. Asko saltzen genuen. Joxejoakinen okindegian egiten ziguten. Gauean ematen nien nik irin zakua, ez zidan batere lotsarik ematen lana egiteak, nahiz eta etxean aitak oparitutako larruzko txaketak eta perfume frantsesak eduki.
Gauean zakua eman eta goizean, lehenengo trenean guardiak iritsi aurretik, goizeko zazpietan, ogia etxera eramaten genuen. Andre batek Zumaira ere eramaten zuen ogia, han saltzeko, eta gure etxean jende pila bat ibiltzen zen erosten: fideoak, makarroiak, espagetiak… Egun osoa lanean pasatzen genuen, bizirauteko! Irina, Azkoititik, beste estrapelista bati erosten genion, nire lagun on baten gurasoei. Gizona goizeko bostetan bizikletan etortzen zen Zestoara bidean poliziarik ote zegoen begiratzera, eta haren atzetik kamioia irin zakuekin. Horrela biziraun genuen.
Lehen baino errazagoa da orain dena, ez?
Bai… Gogoratzen naiz nola zegoen irrati bat gure etxean, eta Kaleoker erdia igotzen zen etxera gerrako albisteak entzutera: BBC Londreskoa zen famosoa. Gizon asko etortzen ziren. Garai hartan Kaleokerrean kabina bat zegoen, hara deitzen zuten eta deitzen ziotenari abisatzen zitzaion hitz egitera joateko azkar. Gogoratzen dut, baita ere, Gipuzkoatik irteteko behar izaten zen baimena. Errazionamendu-liburuxka ere bageneukan, hileroko janaria hartzeko. Gurutzean zegoen etxe zahar bat, eta beheko alondigan ematen ziguten hilero libra bat dilista eta beste libra bat garbantzu, dena zizarez beteta. Gauean beratzen jarri eta hurrengo egunean zomorroak eta azalak bakarrik agertzen ziren uretan. Guk behintzat ogia, fideoak eta makarroiak jaten genituen… Zuek ez zenuten gerraostea ezagutu, eta ez dezazutela ezagutu!
Zestoara etorri zineten garaira bueltatuz… zer gogoratzen duzu?
1936ko gerra hasi zenean etorri ginen Zestoara. San Jose kalean, Kaleokerran, jarri ginen bizitzen Barrenatarren goian. Eta han bizi izan nintzen ezkondu arte. 22 urterekin ezkondu eta Casasbaratas deitzen dieneko pisu batera joan ginen senarra eta biok. Ordura arte Egigureneko sekretari gisa jardun nuen lanean, 15 urte nituenetik, Hilean 120 pezeta irabazten nituen. 22 urterekin, Estanis Etxaberekin ezkondu nintzenean lana utzi nuen. Garai hartan ezkondu eta lanera joatea ez zegoen ondo ikusita. Gure amama Mikaelak esan zidan ezkondu eta lanera joatea lan bikoitza egitea zela eta utzi egin nuen.
22 urterekin izan nuen lehenengo alaba, 23 urterekin bigarrena eta 24 urterekin hirugarrena. Bata bestearen atzetik etorri zen. Ni ordurako amari laguntzen ibiltzen nintzen, tarteka gozoki-dendara joaten. Eta gerora dendari esker bizi ahal izan ginen. 39 urterekin alargundu nintzen, bost ume nituela, txikienak bi urte zituen.
Nola bizi izan zenuen alarguntza?
Ba oso gaizki. Pentsio oso baxua nuen. Zurztasun pentsioa ere oso baxua zen. Eskerrak erretiroa kobratzen dudan orain.
Noiz hil zen ama?
Orain dela 25 urte. Eta zortzi urte dira Eugenio hil zela.
Zein zen ba Eugenio?
Nire bigarren senarra. 25 urtean alargun egon ondoren berriz ere ezkondu nintzen, Eugeniorekin. Zorte txarra eduki nuen, ordea, hiru urtera alzheimerra diagnostikatu zioten-eta. Oso gaizki jarri zen eta ingresatu egin behar izan nuen, nik bakarrik ezin nuen beretaz kargu egin. Burua galdu zuen, ezin zuen ibili… (asperena)
Bi aldiz maitemindu zara, ordea?
Bai, baina bigarrengo aldiz ez da berdina. 64 urte nituen eta 25 urtean alargun egon ondoren, bakarrik, konpainia eskertzen da. Bakardadea tristea da. Egia da bi aldeak dituela: nahi duzuna egiten duzu, berdin du noiz esnatu, zer jan, inork ez dizu konturik hartzen… Konbibentzia ez da erraza. Nire lehenengo senarra zenak beti esaten zuen batek ez badu nahi birek ez dutela errietan egiten. Inoiz ez genuen liskarrik izaten, nire errietei ez zion erantzuten-eta.
Oroitzapen onak dituzu beraienak?
Bai oso onak. Estanisekin 17 urtean bizi izan nintzen eta oso-oso oroitzapen onak ditut. Eta Eugeniorekin ere bai, on-puska bat zen. Kotxea hartu eta batera eta bestera ibiltzen ginen. Hiru urtez besterik ez ginen egon elkarrekin, urte gutxi baina oso onak izan ziren.
Zure etxean nabari da erlijiozkoa zarela…
Bai, ni oso fededuna naiz. Lagun bati esan nion lehengo egunean, elizan, “hemendik bost urtetara Koldo alferrik egongo da hemen, inor ez da-eta etorriko”. 12 edo 14 lagun kontatu nituen mezetan, denak zaharrak. Lehen euskaldunak oso erlijiozaleak ziren, etxe guztietan arrosarioa errezatzen zen. Gure etxean ama eta biok egunero errezatzen genuen angelusa eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko zortzietan. Orain batzuetan errezatzen dut etxean, nahiz eta orain etxetik ez ditudan kanpaiak entzuten. Orain gazteak hiletatan bakarrik joaten dira elizara.
Jarraitzen duzu elizara sarri joaten?
Orain ez naiz egunero joaten, baldarra nago eta plaza horretatik ez pasatzeagatik… Baina asko gustatzen zait elizara joatea. Gainera, Zestoako elizak oso koru ederra dauka, oso ondo abesten dute eta ileak puntan jartzen dizkidate.
Nola ikusten duzu herria?
Lehen jende gutxiago eta poztasun gehiago zegoen kalean. Gauza gutxiago daude orain; lehen igandero musika egoten zen, txistulariak, banda… jende guztia dantzan. Orain ez da horrelakorik ikusten. Igande askotan egoten ziren harri-jasotzaileak, aizkolariak, pilota partiduak, jendea kalejiran, txistulariak, euskal-dantzak… Orain ezer ez. Lehen teatroa eta zinea ere bai… Elizondo ireki zutenean topera egoten zen, zinetik harategirainoko ilarak egoten ziren. Deskantsutan korrika irteten nuen amari laguntzera gozoki-dendara.
Aipatu duzu gozoki-denda famosoa, Zestoako haur askorentzat oso maitea izan dena…
Gure amama Mikaelak drogeria eta fruta-denda ireki zuen orain Uztapide taberna dagoen horretan. Fruta-dendako almazena izateko alkilatu zuen gero gozoki-denda izan zena. Orain Koiote tabernako zati bat den hori garai batean arraindegia izan zen, gero ile-apaindegia eta gero gozotegia.
Nork ireki zuen gozoki-denda bezala?
Gure amak.. Lotsa ematen zion mostradorean egotea. Ni Egigureneko ofizinatik irten eta amari laguntzera joaten nintzen. Alargundu nintzenean gozoki-dendara egunero joaten hasi nintzen eta hala jarraitu nuen 25 urtetan.
Izango duzu bitxikeriarik dendari dagokionean, ezta?
Ba bai, pila bat. Ez naiz denekin gogoratuko baina hasteko: lehenengo denda izan zen Zestoan chupachusak saldu zirena. Nobedade handia izan zen, herri guztia chupachusa jaten. Askok Juanita deitzen didatela ere bitxia da, ama zen Juanita-eta. Gogoratzen dut duela 30 urteko gertakizun bat ere. San Pedro bezpera zen, izugarrizko beroa egiten zuen eta idi-probak zeuden eguerdian. Arantxa, alaba, joan zen dendara lanera, ni etxera deskantsatzera joateko; asko laguntzen zidaten berak eta Josuk, semeak. Inoiz gertatu ez zena gertatu zen egun horretan. Idia denda barruraino sartu zen atearen markoa aurretik emanez. Latza! Denda hondatu zuen baina eskerrak desgraziarik ez zen gertatu.
Eta, bueno, ez dut sekula ahaztuko denda itxi behar nuenean umeek jarri zidaten pankarta polita dendako atean; “Zestoarren bihotzeko denda, agur” jartzen zuen. Herriko ume askoren sinadura zegoen. Erlikia moduan gordeta daukat. Soberako gozokiak azken egunean banatu egin genituen, arratsaldeko zortzietan, plazan. Zer gutxiago, bezero on horiekin…
Goxo hartu gaitu bere etxean eta are goxoago agurtu gaitu ordubete beranduago. Gozo “borobildu” du egonaldia; koloretako hartzatxoak eman beharrean irribarrea, besarkada bat eta bonboi bat emanez. Eskerrik asko Enriqueta!
Maialen Kortadi Iparragirre
Egin zaitez bazkide