Paperekoa

IZAN ZIRELAKO GARELAKO – Estitxu Elduaien

Ama, eskera joaten zen, baserriz baserri. Zestoako baserrietaraino ere joaten zen, Azpeititik, baba, gari, edo ematen zioten edozeren eske. Jasotakoa kargatu, eta oinez itzultzen zen etxera. Puska apur horiekin ematen zigun jaten guri, hiru ume txikiri’. Horrela gogoratzen ditu Mikelita Otegik 36ko gerra eta ondorengoak. Umea zen garai hartan, aita atxilotu eta kartzelan hil zioten, eta ama eta beste bi anaia txikirekin batera, etxetik bota zuten. Goseaz oroitzen da, bereziki.

Erreketeak eta margaritak edozein egunetan etortzen ziren gure etxea erregistratzera. Amari tratu txarra ematen zioten. Oso txarra. Ez dakit jo zuten. Ez nintzen sekula galdetzera ausartu. Eta halako batean, egun batetik bestera, etxetik bidali gintuzten, Azpeitian bizitzea debekatu, eta Etxalarrera desterratu’. Inaxio Larrañaga ere umea zen gerra hasi zenean. Aita Laredoko kartzelan zegoela amarekin bizitakoak kontatzera oraintxe ausartu da aurrenekoz. Beldurrez bizi zirela oroitzen du, urduri, eta larri, atea entzun orduko barrura ze desgrazia sartu minez.

Nire ahizpa kalean harrapatu zuten eta ilea mozten saiatu ziren. Fusil bat ipini zioten aurrean, eta ilea mozten hasi zitzaizkion. Moztu ere egin zioten zerbait. Baina orduan kapitaina iritsi zen, gertatzen ari zena gelditu, eta etxera ekarri zuen. Bi egunez egon zen hitz egin gabe’. Kontxi Azpiazu Loiolako Esklabetara joaten zen eskolara, eta mojek aingeru txarrak zirela esaten zieten. Umeei. Gerra garaian, eta baita ondoren ere.

Hiru istorio, gure historiak orain arte jasotzen ez zituenak. Hementxe bertan, Izarraizpeko gure kaleetan eta gure baserrietan, gertatutakoak. Orain dela laurogei urte, orain dela amama eskas. Hiru istorio, gure ehunka aiton-amonek bizi izan zituztenen adibide, askok hilobira isilean eta gordeka beldurrez eramandakoen aldarrikapen. Eta oraindik ezkutuan daudenak.

Garai ilun haien inguruan, isiltasunaren memoria da nagusi oraindik ere gurean. Isiltasuna inposatu zutelako irabazleek, frankisten aurka aritu zutenen duintasuna zapaltzeko helburu garbiarekin. Eta gu zorretan gaude. Zorretan gaude Mikelitaren gurasoekin, Inaxiorenekin, Kontxitarenekin; eurekin eta beste milaka lagunekin. Milaka lagunekin, bai, milaka izan zirelako Izarraizpe honetan altxamenduari aurre egin eta gure herriaren eta gure oinarri-oinarrizko eskubideen alde borrokatzeagatik jo, kolpatu, torturatu, umiliatu, eta etxetik bidali zituztenak. Eta hil ere bai, oraindik ere gorpu bila bagabiltza ere. Aranzadik dio, datutan, zientifikoki demostratuta, inork zalantzarik izan ez dezan.

Kitatu ditzagun zorrak, oraindik garaiz gaudelako; zapalduak izandako haietatik batzuk oraindik bizirik daudelako eta orain kontatu ezean, bidean galduko direlako. Itzuli diezaiegun duintasuna. Haiek izan zirelako garelako gu, orain, garenak, eta izateko daukagunak.

Estitxu Elduaien




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide