Albisteak

Zestoako eta Arroako ikastetxeetako ikasleek Zestoako historia aztertu dute

Hirugarren urtez jarraian, Zestoako eta Arroako ikastetxeetako ikasleek “Zestoa ikertzen” programa didaktikoa landu dute. Egitasmo hori Udalaren eta Ekainberriren lankidetzarekin garatu da.

Zestoa kokatzen den inguruan betidanik jendea bizi izan da, aztarna arkeologikoek adierazten duten moduan duela gutxienez 300.000 mila urtetatik gaurdaino. “Aztarna hauek aukera paregabea dira garai ezberdinetako zestoarren bizimodua ezagutzeko, material arkeologiko ugari utzi dizkigutelako, eta hauetako batzuk mundu osoan paregabeak direlako” adierazi dute Ekainberriko kideek.

Zestoako eta Arroako Herri Ikastetxeetako ikasleak herriko ondare historiko, kultural, artistikoaren ezagun izatea nahi du programa didaktiko honek. Bi ikasturtetan zehar burutuko den programa didaktikoa da “Zestoa ikertuz”, 11 urterekin hasi eta 12rekin amaituko dena. Helburua gaztetxoak Zestoako historiaren eta nortasunaren gordailu, erabiltzaile eta igorle bihurtzea da.

Ikasturtean zehar, LH 5 eta LH 6ko ikasleek hartu dute parte programa horretan, 11 eta 12 urte bitartekoak, Ekainberriko hezitzailearen laguntzaz, Gizateriaren Ondare den Ekaingo haitzuloko labar artea eta horren testuingurua aztertu dituzte. Maiatzean zehar ikasle hauek Ekainberrira hurbildu ziren labar margoak aztertu eta duela 13.000-14.000 urteko gizakien bizimodua ezagutzera. Guztira Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 132 ikaslek hartu dute parte egitasmoan.

Arroako Herri Eskolako LH 1eko 8 ikaslek Ekainberri ezagutu zuten abenduan programa berdinaren baitan

Gaztetxoagoek ere denboran jauzia egin dute, baina kasu honetan garai berrixeagoetara, Erdi Arora eta Aro Modernora, Zestoako hiribildua sortu zen garaitik XVIII. mendera arteko bidaia burutu dute, Lili Jauregia ardatz moduan hartuta. Zestoako Herri Ikastetxeko LHko 2. zikloko 66 ikaslek hartu du parte, baita Arroako Herri Eskolako beste 14 ikaslek ere, 8 urtetik 10 urtera bitarteko ikasleak izan dira hartzaileak.

Argazkia: Ekainberri




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide