Albisteak

Iban Pardo Euskal Herriko Sega Txapelketako finalera sailkatu da

Igande eguerdian jokatu ziren Euskal Herriko Sega Txapelketako finalerdiak Aian. Guztira 9 segalarik hartu zuten parte finalerdietako bi saioetan, eta txanda bakoitzeko lehen bi sailkatuek eskuratu zuten finalerako txartela. Aipatu behar da, 9 segalarien artean Iban Pardo zestoarrak bildu zuela belar kilo gehiena, 1.480,5 kilo hain zuzen ere. Duela gutxi Gipuzkoako txapelketako finalean gertu izan zuen txapela Pardok.

Aiako finalerdietan 30 minutuko saioa egin zuten, baina finalean ordubeteko saioa egingo dute segalariek eta kilo gehiena batzen duena izango da 2017ko Euskal Herriko txapelduna.

Honako marka hauek egin zituzten finalera sailkatu ziren segalariek:

  • Iban Pardo 1.480,5 kilo
  • Jokin Etxeberria 1.434 kilo
  • Julen Gabirondo 1.331 kilo
  • Jesus Mari Ormaetxea 1.305,5 kilo

Euskal Herriko Sega Txapelketako finala abuztuaren 6an jokatuko da Asteasun.

Esteka honetan ikus dezakezue finalerdietako saioa osorik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide