Paperekoa
Irudien arteko hariak – Mikel Lizarralde
— 2017-08-03Hainbat irudi ditut buruan, azkeneko urte-hilabete-aste-egunetan pilatu zaizkidanak. Beraien artean ezberdinak dira, baina elkarri ondo lotzen zaizkio, irudiaren atzealdean hari ikusezin —baina identifikagarri— bat egongo balitz bezala.
Lehenengo irudiak orain dela urte oso gutxiko sanferminetara narama. Udaletxe plazara. Sanfermin bezperan. Eta han ageri dira milaka lagun, hasi besterik ez den festa baten zurrunbiloan sartuta. Eta altura pixka batera, beste pertsona batzuk, denak emakumeak, eskuz inguratuta. Gizonezkoen eskuz.
Beste irudi batek sanferminetan jarri nau berriro ere. Aurtengo sanferminetan. Eta ikusi ditut Udaleko agintari eta langileak, komunikabideetako ordezkariak, mugimendu feministako kideak eta beste, genero indarkeriaren aurkako protokolo bat aurkezten. Ez, ezetz dela. Eta izan dira erasoak aurten ere. Bortxaketak eta bestelakoak. Eta salatu dira. Baina mahai gainean jarri da gaia, batzuen haserrerako, zeren eta zer da festa emakumeen kontrako indarkeriarekin lotzeko tema hori!! [Enrique Maya alkate ohiaren irudia ikusten dut hemen]
Hirugarren irudi batek Benicassimeko jaialdian kokatu nau, jende oldearen artean. Talde baten eta bestearen arteko atsedenaldian gaude, eta pantaila erraldoien errealizadorea sorbalda gainetan dauden pertsonen [hau da, emakumeen] bila ari da. Bat miran jarri, eta hark elastikoa kendu du berehala, titiak milaka lagunen begi bistan jarrita. Garrasika eta txaloka hasi da indie koadrila osoa. Kamera beste neska gazte batengana zuzendu da, zerbaiten esperoan egongo balitz bezala. Baina neskak lasai segitu du. Dantzan, hizketan. Ezer kentzeko beharrik gabe. Eta publiko ia gehiena txistuka eta oihuka hasi zaio, presio eginez biluz dadin.
Laugarren irudi bat etorri zait gogora. Eibar futbol taldeko bi jokalari eta emakume bat. Sexu harremanak izaten ari dira. Eta jokalarietako bat grabatzen ari da, neskak ez egiteko eskatu dion arren. Zabaldu dira irudiak, gaur egun zabaltzen diren bezala zabaldu ere. Eta hedatu dira elkartasun mezuak, balentria goraipatu nahiko balute bezala: “Lasai, mutilak! Ez duzue ezer txarrik egin eta!”.
Azkeneko irudi bat: elkarretaratzeak Zarautz, Sopela, Zornotza, Barakaldon…
Irudiak eta hariak han eta hemen.
Mikel Lizarralde
Egin zaitez bazkide