Albisteak

Portale Kultur Elkarteak Zestoako irakurle taldea aurkeztuko du

Datorren ostegunean, azaroak 16, arratsaldeko 19:00etan, AMAIA APALAUZA OLLOk Zestoan irakurle talde bat osatzeko gonbita egingo die herritarrei. “Bederatzi arrazoi Zestoako irakurle-taldera etortzeko: irakurtzearen alde” izango du izenburua solasaldiak.

Irakurle taldeak edo klubak oso zabalduak daude Euskal Herri osoan zein kanpoan eta oso esperientzia interesgarriak dira: hilean behin biltzen dira parte-hartzaileak eta aurrez irakurritako liburu jakin bati buruzko solasaldia egiten dute denen artean; solasaldia, horretan aditua den idazle edo literatur zaleren batek dinamizatzen du.

Oso esperientzia aberasgarria izaten da eta jendea oso pozik ibiltzen da; izan ere, norberak atsegin handiz irakurri duen liburu horrek eragindako plazera besteekin partekatzeko aukera izaten baita.

Zestoako irakurleen klubaren dinamizatzailea Amaia Apalauza izango da. Amaia Iruñean jaioa da. Euskal filologian doktorea; Nafarroako mendebaldeko hizkerei buruzko tesia egin zuen. Ikerketak alde batera utziak ditu gaur egun, itzultzaile-zuzentzaile autonomo gisa aritzen baita lanean. Era guztietako testuak itzultzen eta zuzentzen ditu; literaturan, Dovlatoven Maleta itzuli zuen, eta laster argitaratuko du Dovlatoven bigarren itzulpena: Filiala. EIZIE itzultzaileen elkarteko lehendakariordea ere bada, eta elkartearen hainbat ekimen antolatzen aritzen da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide