Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! Guztion ardura da!
— 2017-11-25Tamalez berriz ere plaza honetan elkartu behar izan dugu, emakumeon aurkako indarkeriaren kontra egiteko. Azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna. Badirudi XXI. mende honetan denari dagokiola egun bat, eta baliatzen dugu egun horretan momentuko eslogana gure egin eta geure buruak eta erakundeak zuritzeko. Eta dagoeneko ez digute balio balkoi, leiho eta ateetako borobil moreek. Ez horrek bakarrik behintzat. Eguneroko biolentzia da indarkeria matxista, gizartearen erdiak jasaten duena; eta bada garaia honen aurrean jendarteak bezala erakundeek apustu sendoak egin ditzaten.
Emakume izateagatik kolpatzen gaituzte. Emakume izateagatik bortxatzen gaituzte. Emakume izateagatik iraintzen eta umiliatzen gaituzte. Emakume izateagatik epaitzen gaituzte. Emakume izateagatik hiltzen gaituzte. Ezin zerrenda ditzakegu indarkeriaren milaka aurpegiak. Halaxe baititu indarkeriak, milaka aurpegi. Zenbait kolpe gure masail, begi, beso, bizkarretan ikus daitezkeenak, baina beste asko ikusi ez, baina barruraino sartzen zaizkigunak. Eta ez nahastu, hau ez da urruneko herrietan, Espainiako zoko galduetan gertatzen den zerbait, ez; gure herri eta etxeetan bizi diren egoerak zerrendatu ditugu.
Beraz, bai, gaur, azaroak 25, kalera atera gara emakumeon aurkako indarkeria salatzera, baina ez gaitezen 2018ko azarora arte berriz ahaztu. Guztion ardura da biolentzia matxistarekin amaitzea, indarkeriaren konplize egiten gaituen isiltasuna apurtzea, behar duenari babesa eta indarra ematea.
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide