Albisteak
Merkatari txikien jarduna sustatzea helburu duen sentsiblizazio kanpaina aurkeztu dute
— 2018-02-08Astelehenean aurkeztu zuten eskualdeko herrietako merkatari txikien jarduna sustatzea helburu duen sentsibilizazio kanpaina Lili Jauregian. Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek zein bertako merkatari elkarteek, Iraurgi Berritzenek eta Dendartean, Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkurak elkarlanean landutako proiektua da. Herritarrak eskualde zein herriguneko saltoki txikietan erosteak eta merkataritza tradizionalak gure inguruan duen garrantziaz sentsibilizatzea du oinarri kanpaina honek.
Astelehenean ospaturiko aurkezpen ekitaldian Iraurgi Berritzeneko teknikariak, hiru udaletako ordezkari politikoak eta Azkoitiko Herrixen, Azpeitiko Bertan eta Zestoako Zestoan merkatari elkarteetako hainbat dendari izan ziren.
Kanpainak eskualdeko irudiekin osatutako hiru bideo ditu oinarri. Azkoiti zein Azpeitiko zinema aretoetan, tokiko hedabideetan eta sarean aurkeztuko dituzte bideo hauek, hilaren 14, 16 eta 21ean. Bideo hauekin, Interneten eta saltoki handien aurrean denda txikiek dituzten “indarguneak” agerian utzi nahi dira, eskualdeko merkataritzaren “bereizgarriak azpimarratuz”.
Egin zaitez bazkide