Paperekoa

EKAIN BI KOBAKO ALTXORRA

Bigarrena beti geratu ohi da ilunean. Ekain Bi koban ez dago ez oreinik, ez ahuntzik, ez bisonterik, ez hartzik, ez izokinik… ezta zaldirik ere. Gizakiak egindako irudi bakarra egon da Ekain Bi leize-zuloan. Bakarra, baina urrezkoa. Uztai inperfektu bat, pixka bat almendra formakoa. Barrualdean, grabatuta, data bat: 2011-XI-26. Eta izen bat: Igone. Ia negu osoan leize atarian egon da altxorra, hurritz eta haritz artean, buztin eta orbelezko alfonbran harrapatuta. Ekain Bat kobako margoen moduan, milaka urtez hantxe bertan geratzeko zorian izan da. Baina azkenean, 131 egun eta gero, aurkitu egin dute. Jabearentzat kalkulaezina da eraztunaren balioa. Guretzat urrea balio du istorioak, eta ez genuen nahi ilunean geratzerik.

Ekain Bi haitzuloa Ekain Bat baino pixka bat haruntzaxeago dago, mendebaldera. Sastarrain baserritik aurrera jarraitu behar da Beliosoro errekari segika zabalgune batera arte. Garai batean harrobiko esplotaziorako eraiki zuten egitura eskuinean utzita, hogeita hamarren bat metro igo behar dira basoan, harik eta gorosti bat aurkitu arte. Gorosti horren ondoan dago Ekain Bi haitzuloko sarrera. Eta leize-zuloko atarian gertatu da kontatuko dizuegun pasadizoa. Lehendabizi, ordea, gertakari harrigarri hori bizi izan dutenak aurkeztuko ditugu. Kobazulo baten jiran gertatutako kontua da eta, gauzak zer diren, kobazulo batean ezagutu zuten elkar bi protagonistek. Katamarrua Natur Taldeak Itziarko Urtiaga leizera antolatutako txangoan.

Jabier Manteca Martin, Kabestani. ‘Zergatik Kabestani?’. «Hori Kanariok jarri zidan, orain dela hogeita hamar urte Kataluniatik etorri zen beste Kabestani haren antza omen dudalako. Ez dakit aurpegieran, edo izaeran, edo zertan… Arroabeko danborradan pare bat urtean behintzat topo egin izan dugu bi Kabestaniok, eta Kanario biokin argazkia aterata dago». Geologoa da ofizioz, eta espeleologia du afizio; koba eta leize-zuloen esplorazioa, alegia. Irundarra da jaiotzez, 45 urte ditu, eta badira urte batzuk gure herrian bizi dela. Zestoartzeko erreminta tronpa izan du. Musika bandan eta igandetako txarangan tronpa jotzen du. Eta adarra jotzea ere gustatzen zaio.

Ramon Martija Urteagak 42 urte ditu eta amaren baserritik datorkio ezizena: Saku. Aita Lastur aldeko Zigarangoa zuen. Ramon kirolaria da eta joan deneko urte dezentean espeleologian buru-belarri dabil. Udazkenera arte Sastarrain baserri-eskolara etorritako haurrei Ekaingo haitzuloak erakusten ibili izan da. Parajea ondo ezagutzen du eta pasioa antzematen zaio inguruaz hitz egiten hasten denan: «Ekain oso sistema berezia da: mendia piramide formakoa da eta zortzi zulo dauzka. Behin, mendi horretan inspiratuta, eskultura bat egin nahi zuen artista bati zulo horiek denak erakutsi nizkion…».

Bukaera hasiera denean

Istorioa 2015eko urriaren 24an hasi zen. Egun seinalatua Ramonentzat. Hamar urteko lan-jardunaren bukaera: azkenengo laneguna Sastarrain baserri-eskolan. Joan deneko hamar urtean ehunka aldiz egindako moduan, ume-koskor taldea eraman zuen Ekain Bi kobazulora. «Ez zait ahaztuko. Oñatiko talde bat zen eta haitzulotik haur denak atera nituenean, betiko moduan, eskularruak kendu nituen. Eta bat-batean eraztunik ez nuela ikusi nuen. Flipatu egin nuen». Egundoko pena hartu zuen Ramonek: «Ezpainean herpesa atera zitzaidan. Disgustua latza. Niretzat oso maitea da eraztuna, errepresentazio bat da… Igone emaztearena, eta aita zenarena ere bai; haren aliantza urtuta egin genuelako eraztuna». Ramonek esan digu konturatuta zegoela eraztuna estutu beharra zeukala, lasai antzean zeukalako aspaldiko boladan, ezkondu zenean gaur baino hamar kilo gehiago zelako. Egun hartan ordu erdiz aritu zen bila, baina iluntzen hasterako etsi egin zuen. Biharamunean ere itzuli zen «…eta harrezkero beste bizpahiru aldiz etorri nintzen ea topatzen nuen orbela ugaritu baino lehen. Gainera, zalantza sortu zitzaidan non galdu ote nuen: koba barruan, atarian… Akaso eskularrua zerbaitetarako kendu eta eroriko zitzaidan. Etxeko balkoitik ere ikusi egiten dut Ekain eta ezin nuen burutik kendu: Hor zagok ba, eraztuna, Ekainen! Beti dago eraztuna galtzeko arriskua, ni ibiltzen naizen moduan ibilita, mendian, korrika, ‘espeleo’ egiten….». Jabik eman dio soluzioa hitzetik hortzera: «Zulatu sudurra eta hortxe jarri, ez da galduko!».

Jabier, ‘Eraztunaren jauna’

Ramonek lana utzi zuela eta, baserri-eskolak gidari berria behar zuen eta Jabierri proposatu zioten, eskarmentua baduelako espeleologian eta langabezian zegoelako. Hala, eskola-umeekin hasi aurretik, bi adiskideak bakarrik joan ziren Ramonek laneko kontuak esplikatzeko. «Halako batean –hasi da Jabier esplikatzen– iritsi koba atarira eta Ramon makurtu eta aztarrika hasi zen, orbela eta lurra harrotzen. Eta nik esan nion: Ze ostiatan ari zara? Eta orduan kontatu zidan eraztunarena».

Aurkikuntzaren eguna

Martxoaren 3a izan zen. Zorionez euria goian behean ari zuen. Hara hemen Jabierren hitzetan: «Leizeko ahoa hamar metroko jaitsiera da eta banaka-banaka pasatu beharra dago sokak-eta erabiliz. Denak ateratzea hiru ordu laurdeneko lana da eta umeak euritan zain egon ez zitezen, Sastarrain aldera bidali nituen binaka. Orduan, azkenengo bikotea bidali nuenean, bakarrik geratu nintzen eta poliki-poliki maldan behera abiatu nintzen adi-adi». Eta istorioaren klimaxa badatorrela jakin arren danbolinek moztu dio jarduna Jabierri: ‘Bista zorrotzekoa al zara?’. «Ni? Satorrak baino gutxiago ikusten dut eta! Kar, kar, kar! Garai batean bederatzi dioptriako betaurrekoak erabiltzen nituen. Erretina-askatzea, kataratak… Bi ebakuntza pasatutakoa naiz ni! Baina…». Baina berak aurkitu zuen eraztuna. «Bat-batean zerbait ikusi nuen lokatzetan. Makurtu, hartu eta pentsatu nuen: ezin daiteke! Hain iruditu zitzaidan handia! Burua sartuko nuke nik hortik! Kar, kar, kar… Garbitu, eta… ‘Igone’ irakurri nuen. Koño! Ba, bai. Eta kristoren poza». Mantsoagatik hots egin zion adiskideari Jabierrek: «Esan nion: Ramon, zure eraztuna topatu dut! Eta hark: Bazilatzen ari al haiz?». Arratsalde hartan bertan itzuli zion eraztuna Jabierrek Ramoni.

Istorioa mahai bueltan bukatu zen. Ramonek eta Jabierrek Izeta sagardotegian ospatu zuten aurkikuntza bazkari bikain batekin.

Testua: Jon Artano Izeta

Argazkia: Asier Acedo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide