Albisteak
Zestoako Pilota Elkarteak kiroldegiko obrarekin gertatzen ari dena salatzeko agerraldia egin du gaur arratsaldean
— 2018-09-14Herriko plazan egin dute agerraldia, eta elkarteko 20 lagun inguru bildu dira egun jasaten ari diren egoeraren berri emateko.
2017ko azaroan hasi ziren kiroldegiko berritze lanak. Hasera batean, Udalak, lanek irauten zuten bitartean frontoiaren zati handi bat erabilgarri izango zutela adierazi zien Pilota Elkarteko kideei. Lanak hasi eta berehala, ordea, frontoia erabilgarri ez zutela izango esan zieten. “Udalari gure kexa agertu genion, izan ere, egun batetik bestera entrenamendu eta partida guztiak Aizarnazabal eta Itziarko frontoietara eraman beharrean aurkitu ginen. Halere, hasera hartan Udalak pilotalekua konpontzeko asmorik ez zuela ikusita, gutxienez ezker pareta konpondu eta frontoia pintatzeko eskatu genion. Udalak onartu zuen eskaera, eta maiatza edo ekainerako frontoia erabiltzeko moduan izango zela adierazi zitzaigun. Baldintza horiek aintzat hartuta, Pilota Elkarteak epe horretan aipatutako herrietara joatea erabaki zuen” azaldu dute.
Uda amaitzear zela, eta frontoia erabilgarri ez zegoela ikusita, obra egiten ari den enpresarekin eta udal ordezkariekin bildu ziren pilotariak. “Udalak horrela erabakiz gero pilotalekua epe motzean erabiltzeko moduan jartzeko inolako arazorik ez zutela garbi adierazi zuen enpresak eta udalak urriaren amaierarako frontoia erabiltzeko moduan izango genuela agindu zigun” esan dute.
Orain planteatzen duten arazoa frontoiko argiteriari dagokiona da. Zaharra kendu eta led argi berriak jarriko ditu Udalak. “Irailaren hasieran foku berrien eskaera egingo zutela esan zitzaigun. Sei aste behar dituzte foku berriak lortzeko eta beste bi hauek bere tokian jartzeko, beraz, azaroaren 1ean pilotan jokatzeko moduan izango ginen”. Taldeak esan du aste honetan bertan jakin dutela argiteri berriaren hornitzaileak adierazi duela epe horretan argiak lortzea ez dela posible izango. “Honen aurrean, Udalak presioa egin beharko luke, gu prest gaude obra martxan dagoen bitartean argi zaharrekin jokatzeko, nahi dugun bakarra frontoia erabiltzea da” gaineratu dute.
Taldeko kideek salatu dute urte amaierara arte ez dutela pilotalekua erabiltzeko modurik izango eta horrek areagotu egin du euren haserrea. Elkarteak adierazi du urriko bigarren hamabostaldirako frontoia erabilgarri ez badago, Zestoa ordezkatzen ari diren pilotari guztiak Gipuzkoako txapelketatik erretiratuko dituztela. “Badakigu erabaki gogorra dela eta elkartea eta pilotariak izango garela kaltetuenak baina jasan beharreko guztia jasan eta gero ez gaude adar jotze gehiago onartzeko prest” azaldu dute.
Egin zaitez bazkide