“Ondo egiten jarraitu nahi dugu”

Herritar talde batek ohar hau bidali digu postontzira:

Ondo ari gara Zestoan, eskualdeko eredu gara eta horrela izaten jarraitu nahi dugu. Horregatik hasi dugu gaur egungo hondakinen bilketa sistemarekin gustura gauden herritar talde batek sinadura bilketa, ondo egiten jarraitu nahi dugulako. Hondakinen bilketa sistema aldatzea erabaki genuen 2014ko ekainean, eta lortu genuen guztion adostasunarekin modu eredugarrian pauso handi bat ematea. Inolako liskarrik sortu gabe hondakin bilketa sistema eraginkor bat martxan jarri genuen eta gaur egun % 75eko birziklapen-tasa daukagu. Eta hori herritar guztion lana da, harro sentitu eta zoriontzeko moduko lana.

Sailkapen emaitza onak ematen ari gara, eta oraindik hobeak lortzeko oraingo sistema ardatz izanda pauso gehiago eman nahi ditugu.

Emaitza onak izaten ari gara zestoarrok, ingurumenarekiko errespetuzkoago jokatzen ikasi eta ondo sailkatzen dugulako, baina baita ere bilketa eredu honekin biltzaileek “deskuidoak” momentuan zuzendu eta ondo sailkatuta dagoenari kalterik eragiten ez diolako.

Usainik gabeko sistema daukagu gaur egun, iluntzero etxe azpian jarri eta jasotzen dizkiguten ontzi garbiei esker; eta gainera lortu dugu kaleak betetzen zizkiguten kontenedore gehienak gure herriko paisaiatik desagerraraztea.

Beraz, Zestoan dugun hondakinak biltzeko sistemak ondo funtzionatzen badu eta herritarrok gustura bagaude, zergatik aldatu?

Bi urte dira jada Zestoa jasangarriago eta osasuntsuago batean bizi garela, bi urte ondo ari garela, eta urte askoan jarraitu nahi dugu hori ospatzen.

Zestoan ondo egiten jarraitu nahi dugulako gaur egungo hondakinen bilketa sistema mantentzearen alde sinatzera gonbidatzen zaitugu. Eskuz-esku ibiliko dira sinadurak biltzeko orriak, eta asteburuetan plaza inguruan mahaia ere jarriko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide