Maisu baten oroitzapenak

 

 

Placido Navas,  Aizarnako maisua izan zen 1934 urtetik 1938 urtera arte. Errepublika garaian iritsi zen Aizarnara,  hemen ezustean  harrapatu zuen gudak   eta honen eraginak bultzatu zuen    maisutza utzi eta etxerako bidea hartzera. Maisu honek 30  urte zituen  Espainiako beste  muturretik irten (Cadiz) eta Penintsula  zeharkatuz  Aizarnara iritsi zenean.

Geroztik Placidok izan zituen harremanak  Aizarnako biztanleekin. Hauetako bat  Jose Iturri zen,  Cadizen soldadu zegoen bitartean,  eta ondoren  ere jarraitu zuten harremanetan  1963. urtean zendu  zen arte. Iturriren esanetan  maisu honek beti izan zuen  hemengo egoera ezagutzeko  jakin-mina.

Urte batzuk badira Aizarnara begira dagoen webgune honekin  topo egin zutela. Geroztik izan ditudan harremanetan  jaso ditut gonbidapenak  Cadiz aldera bidaia bat eginez elkar  ezagutzeko, baina azkenean berauek izan dira lehen pausoa ematera ausartu direnak.

Urte pila bat igaro  arren   familiak beti izan du gogoan Aizarna, batik-bat  aitak askotan kontatu zizkietelako hemengo oroitzapenak. Orain bere alaba eta honen semea emaztearekin etorri   dira, aita maisu egon zen  lekua  bisitatu eta ezagutzera.  Felicitas bere alabak, hainbeste aldiz aitari entzundako herria  ez baitzuen ezagutzen oraindik.

Aizarna auzoa, bere aita maisu egon zen  eskola,  askotan aipatutako  eliza eta Gurutze Donearen ermita  ere ezagutu  dituzte bisita honetan. Ondoren  aitaren  argazkietatik ezagutzen zituzten lekuetan kokatu eta  argazkiak atera ere bai, bidaia honen oroitzapenak etxean jasotzeko. Berauen esanetan ez zuten espero hain paisaia berde eta herri polita ezagutzerik, zuri- beltzeko  argazkietatik  ezagutzen zutelako  izango da seguruenik.

Bidaia honen helburua,  Aizarna eta Zestoa ezagutuaz   Placido maisuak zuen   agiri-bilduma   udaletxearen esku  uztea ere bazen. Eta hala izan zen, dena egoki irten zitzaien. Guztia denborarik galdu gabe eta egoki gauzatu zenez udaletxeko alkate eta kultura teknikariari  eskerrak eman behar.

Felicitas  bere alabaren ilusioa  Bainuetxean ostatua hartzea zen,  aita hemen egon baitzen  atxilotuta Errepublikanoa zela akusatuta. Orain lortu du bere ilusioa betetzea eta  ezagutu du Bainuetxea. Dena den  aitak ezagutu zuen  baino egoera hobean egin izango du seguruenik.

Atxiloketa honi lotuta ikusten da idatzi bat agiri-bilduma honetan, garai hartan  Aizarnako erretorea zen Franzisco Yereguik sinatua,  gudako komiteari zuzendua. Honek aske uzteko eskatzen die  Aizarnako maisua, gizon honek beti jarrera zuzena izan duela esanez, bai  maisu lanetan, bai herriko harremanetan,  elizarekiko  bete beharretan… eta beste hainbat arlotan.

Badirudi karta honek izan zuela bere eragina eta berehala utzi omen zuten aske.  Aizarnan maisu izaten  jarraitu zuen, etxera itzuli zen arte. Bere alabak kontatu zuenez  Aizarnan jarraitzeko asmo tinkoak omen  zituen, baina  garai bortitz haiek  planak aldatzera behartu omen zuen  eta  etxerako bidea hartu zuen.

Guda eta ondorengo urteak garai zailak ziren arazorik gabe bidaiatzeko eta etxera joateko Penintsula zeharkatu behar zuenez    “salvoconducto” edo  bidaiatzeko baimena  behar zuen eta beraren esanetan  hau eskuratzeko  Aizarnarren   laguntza ezinbestekoa izan omen zen.

Bidaia honen gora beherak egoki argitaratu dituzte lehen ere  Zestoako hedabide eta Gipuzkoako egunkariak, nik  ere ezin dut utzi aipatu gabe  berauekin pasa dudan egun zoragarri hau  eta amaitzeko esan behar  udaletxean utzi duten  agiri-bilduma honek, seguru lagunduko duela Aizarnako historiaren  zati bat ezagutzen.
Eskarrikasko Felicitas, bere seme Antonio eta emazteari

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide