Eskuz Binakako Emakume Pilotari Txapelketako partidak jokatuko dira gaur arratsaldean Zestoan

Gaur arratsaldean Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan (kiroldegiko frontoia), Eskuz Binakako Emakume Pilotari Txapelketako lehen faseko azken jardunaldia izango da. Bertan parte hartuko dute munduko bi txapeldunek, Maider Mendizabal eta Amaia Araiztegik, Emakume Master Cup-eko 4 ½ko txapelduna eta binakako azpi-txapelduna den Eneritz Arrietak, Emakume Master Cup-eko azpi-txapeldunek Alaitz Badiola eta Ohiana Orbegozok, Emakume Master Cup-eko finalerdia jokatu zuen Nagore Aramendik, 2017-2018 Kadete mailako Gipuzkoako azpi-txapelduna den Nora Mendizabalek, honek gainera bere “debuta” Zestoako Pilotaleku zaharrean egin zuen 2016ko Santa Kutzetan eta, azkenik, Bergarako Usue Zubizarreta, kadete mailako pilotariak. Jaialdia arratsaldeko 18:30tan hasiko da .

Bi mailatan banatuta jokatzen dute.

Jokatuko diren partidak :

Bigarren maila: Nagore Aramendi-Oihana Orbegozo vs Usue Zubizarreta-Alaitz Badiola

Lehen Maila: Maider Mendizabal-Nora Mendizabal vs Eneritz Arrieta- Amaia Araiztegi

Esan, Araitz Eizagirre arroarrak txapelketan parte hartu duela lesio bat tarteko txapelketa bertan behera utzi badu ere; Naroa Agirre arroarrak, berriz, txapelketan jarraitzen du, programatuta egon arren bere aurkarietariko baten lesioa dela bide ostiralean jokatuko ez badu ere.

Jaialdia bukatzeko beste bi partida jokatuko dira, bertan Zestoa Pilota Taldeko Uria eta Alonsok Mundarroko pilotariak izango dituzte aurkari eta azken partidan Zestoa Pilota Taldeko Odriozola eta Salegik Ilunpeko pilotariak hartuko dituzte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide