21. Korrika Zestoan
— 2019-04-2921. Korrika Zestoatik pasa eta Euskaltegiko ikasle zein irakasleok oporretara joan ginen eta gaur itzuli gara. Aspaldiko kontua dirudi Korrikak dagoeneko, baina uste dugu merezi duela txoko honetan aipamen hau egitea. Egun hunkigarria izan zen herrian apirilaren 12a eta egun hartako kontuak ekarri nahi ditugu komunitateko txoko honetara.
Goizeko 10:24an hartu genuen lekukoa Lasaon, azpeitiarren eskutik, eta 11:20an pasa genien zumaiarrei Narrondon. Tarte horretan herriko hamaika eragilek eraman zuten lekukoa.
Behin lasterketak gure herria atzean utzi zuenean, Portale Kultur Elkarteko kideek hamaiketakoa eskaini zuten. Eskerrik asko, Korrikari eta herriari ekarpena egiteagatik!
Iluntzean, berriz, eguna biribiltze aldera, bertso-afaria izan zen Zestoako Gaztetxean, Korrika Kulturalaren baitan. Eskerrik asko Zestoako Gazte Asanbladari ere!
Egunaren harira, Danbolin Herri Aldizkariak, Urola Kostako Hitzak eta Hamaika telebistak hainbat eduki sortu zituzten eta hemen dituzue loturak:
Danbolinen webgunean ikusgai dituzue Zestoako argazki bilduma, bideoa eta Portaleko hamaiketako eta Korrika Txikiko argazkiak.
Urola Kostako Hitzak eskualde mailan landu zuen informazioa. Argazki bilduma eta eskualdeko bideoa egin zituen.
Hamaika telebistak webgunean jarri ditu 21.Korrikako bideoak. Kilometroka zatituta daude eta nahi duenak deskarga ditzake webgunetik (herriaren izena jarrita edo kilometro zenbakia jarrita bila daitezke).
21. Korrika posible izan bada, herritar eta eragileei esker izan da. Beraz, eskerrik asko Zestoa!
Egin zaitez bazkide