Albisteak

[ARGAZKIAK] Udal berria eratzeko eta Alkatea aukeratzeko Osoko Bilkura egin da larunbat eguerdian

Jendetza bildu da eguerdiko 12:00etan Zestoako Udaleko Bilkura aretoan. Mikel Arregi Ertxin izan da boto gehien lortuta alkate aukeratua. Honek lehen hitza EAJko zerrendaburu Garikoitz Mendizabali eman dio. Garikoitzek, zorionak eman dizkio hasteko eta oposizio eraikitzaile eta alternatiboa egingo dutela gehitu du. Elkarri neurria hartzen joango direla eta bi alderdien arteko harremana humanoa eta zintzoa izatea nahiko luketela azpimarratu du.

Mikel Arregik ere eskerrak eman ditu. Garikoitzek esandakoaren ildotik, elkar ulertzera kondenatuta daudela gehitu du, “eremu irekitan ezberdin pentsatzen dugunok elkartzeko gaitasuna izanagatik ere, gero, politikan, bestela gertatzen da”. Bere esanetan,askotan, politikak gotortu egiten gaitu eta uste dut badela garaia hori gainditu eta denok elkar hartzeko”. Gogoan izan ditu memoria historikoa eta giza eskubideak, berdintasuna eta genero indarkeria eta azkenik baita euskara ere.

Bilkurari amaiera emateko hitz hauek esan ditu: “politikan gehiegitan hitzak haizeak eramaten ditu eta nik hemen esandako hitzak haizeak eramaten baditu, eraman nazala neroni ere”.

Astelehenean zintzilikatuko dugu bilkura osoa bideo formatuan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide