Belarriprest ‘power’
— 2019-12-20EUSKARALDIRAKO 11 HILABETE: Oihana Bartra, bertsolaria [Berria 2019/12/20]
Egin da 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena. Badator. Beste edizio bat, erronka berriak eta hausnarketa berriak ere bai. Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Anbizioa behar du euskarak, zelan ez. Gehiagora jo behar du beti gutxitu denak. Baina arriskutsu deritzot gehiago horri eman ahal zaion interpretazioari. Izan ere, ez dut uste gehiagok zenbakiz gehiago esan nahi duenik.
Dena zenbakia ez dela ikusteko, zenbaki batzuk. Utzi Bilbo hartzen adibide. Biztanle kopurua: 345.000. Euskaldunak %23 gara eta kale erabileraren datua %2,5ekoa da, Soziolinguistika Klusterraren arabera. Aurreko Euskaraldian 17.000 lagunek hartu zuten parte. Horietatik gutxi gorabehera 11.000 ahobiziak izan ziren; 6.000 belarriprest (baino ez). Beraz, bistan da ariketan ez genuela lortu errealitate soziolinguistikoa islatzerik. Ez dut uste Bilbon bakarrik gertatutako fenomenoa izan denik. Euskaldun aktiboak eta euskararen militanteak aktibatzea lortu zen; eta ez da gutxi. Ez gaitezen ezkorrak izan.
Ariketa polita egin genuen. Fruituak eman zituen, dudarik ez. Garrantzitsua izan zen euskalgintza pizteko eta saretzeko (ez al zen hori helburu inportanteetako bat?). Ilusioa berreskuratzeko eta ahalduntzeko ariketa izan zen. Martxan jarri ginen. Baina orain aurrera jarraitu aurretik geldiunetxo bat egitea dagokigu. Herri bakoitzak bere datuen irakurketa egingo du eta bere ustez gehiago zer den irudikatu.
#BelarriprestPower idazten zuen aurrekoan euskaltzale batek Bilboko aurkezpeneko txarteltxo batean. Hori da gure gehiago, nire ustez. Belarriprest gehiagorengana heltzea. Euren power barik nekez egingo du aurrera euskarak. Eta belarriprest diodanean ez naiz Euskaraldiko belarriprestez bakarrik ari. Eguneroko bizitzako belarriprestez ari naiz. Prest dauden belarriez, ahoa bizi izatera helduko direnak. Euskarara hurbiltzeko prest daudenak. Euskarara etorriko den jende berria behar dugu. Hiztun berriak behar ditugu. Feministaldiko hitzaldian Irene Arraratsi entzun nion euskalduna izatea praktika bat dela, ez sentimendu edo identitate bat. Ebidentzia bat ematen du, baina hau da egoera: euskarak euskaldunak behar ditu.
Nola erakarriko ditugu baina? Zer eskain diezaioke euskarak edonori bizi garen mundu (jarri zuek adjektiboak) honetan? Balizko euskaldun horiek motiboak, are gehiago, motibazioak behar dituzte. Eta zer eskaini diegu orain arte? Zer esaten ziguten txikitan ikastolan (intentziorik onenarekin), euskaraz mintza gintezen? Badakizue zertaz ari naizen. Onintza Enbeitak idatzi zuen lehengoan egunkari honetan nazkatuta dagoela euskararen edertasuna azpimarratzen duten txioak irakurtzeaz. «Euskara ez da beste hizkuntzak baino ederragoa; ezta zailagoa ere. Euskara euskara da».
Euskararen inguruan (halabeharrez agian) sortu ditugun mitoak apurtu behar ditugu, nire ustez, ez baitute hiztun berririk erakarriko. Euskara ez da zaila, ez da exotikoa, ez da bakarra munduan (hori Mari Jaia da): euskara beste hizkuntza bat da. Gurea. Horregatik da guretzat berezia, egin gaituelako. Baina ez. Beste hizkuntza bat baino ez da (eta hori guztia aldi berean).
Zer geratzen zaigu, bada, inori eskaintzeko zelofan guzti horiek kentzen baditugu? Zergatik hurbilduko da inor hizkuntza adjektiborik gabeko honetara?
Aurtengo Euskararen Egunaren bueltan ideia interesgarri batzuk topatu ditut Twitterren saltseatzen (ez, ez naiz «Amémoslo. Hablémoslo. Respetémoslo. Compartámoslo. Protejámoslo» horretaz ari). Ibai Fresnedok txio honen bidez eman zion hasiera elkarrizketa aberasgarri bati: «Nik #EuskararenEguna-n aitortu behar dut ezkerraldekoa izateagatik eta nire ahoskeragatik erasotua izan naizela. Baina euskaldun esentzia apurtzen dugunok ere euskara maite eta praktikatzen dugu. Ez baita inorena eta guztiona aldi berean». Horri erantzunez idatzi zuen Zuriñe Rodriguezek beste hau: «#EuskararenEguna-n aitortu behar dut nik ez dudala euskara maite, ez dut sentimendu hori. Nik euskara hitz egiten dut bizi naizen lekuaren hizkuntza delako, lagun askori ukatu dieten hizkuntza delako, diskriminatua dagoelako, erantzukizun politikoagatik egiten dut. Eta segituko dut». Haren atzetik etorri ziren beste batzuk, tartean Irene Arraratsena: «Euskaraz aritzeko arrazoi asko daude, eta denak dira beharrezkoak». Horra gakoa.
Motibazio ugari egon daitezke, denak baliagarri bezain beharrezkoak. Batzuek maite egingo dute, beste batzuek ekintza politiko gisa erabiliko dute. Baina, bitartean, badago euskaraz gertatzen ari den mundu bat. Mundu interesgarri eta zoragarri bat, beste edozein bezain zoragarria agian. Nahi duen guztia da ongi etorria mundu horretara. Batzuk feminismotik iritsiko dira euskarara (bertsolaritzan ere hala gertatu da), beste batzuk gustuko duten euskal talde batetik, antzerkitik, herri proiekturen baten parte izatetik. Horregatik da hain inportantea euskal munduak sortzen jarraitzea. Azken batean, giltza, Gorka Urbizuk esan bezala, hizkuntza zahar honi leiho berriak irekitzen jarraitzea da. Leiho horietatik sartuko da haize berria.
Egin zaitez bazkide