Albisteak

Grises eta Elira taldeen kontzertuak kiroldegiko pilotalekuan izango dira

Eguraldi iragarpen kaskarra dela eta, larunbat honetan, abuztuak 29, Grises eta Elira musika taldeen kontzertuak kiroldegiko pilotalekuan eskainiko direla jakinarazi du Zestoako Udalak. Emanaldi honetarako zein irailaren 5ean Rodeo eta Ezpalakek eskainiko duten kontzerturako sarrerak jada agortuta daude.

Zestoako Musika Bandak ere kontzertua eskainiko du irailaren 4an. Emanaldia Euskal Herria plazan eskaintzea aurreikusten zen, baina Udalaren arabera, Foru plazan egitea erabaki du Zestoako Bandak. Orain arteko ekitaldietan bezala, izena eman beharko da Zestoako Turismo bulegoan (943 868 812). Sarrerak gaurtik aurrera erreserba daitezke eta deitzerakoan izen-abizenak eta telefonoa eman beharko dira.

Segurtasun baldintzak

Zestoako Udalak ‘Udan zer Zestoan?’ egitasmoaren baitan antolatu dituen ekitaldi guztietan bezala, emanaldi hauetan ere zorrotz beteko dira segurtasun eta garbitasun baldintzak. Eremura sartzean, izen-abizenak egiaztatuko dira, tenperatura hartuko da eta eskuak desinfektatuko dira gel hidroalkoholikoarekin. Emanaldi osoan zehar musukoa jantzita izatea derrigorrezkoa izango dela azpimarratu du Udalak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide