Positiboa
— 2020-10-04SMS baten bidez bidaltzen dute PCR probaren emaitza, gaueko 23:30ean iritsi zitzaidan niri, “SARS-CoV-2 Koronabirusa detektatzeko PCRaren emaitza POSITIBOA izan da.” zioen. Negatiboa izango zenaren esperantza txiki bat neukan, baina ordurako bikotekidea bakartuta zegoen gela batean positibo eman ostean, eta nire negatiboa gehiegi eskatzea zen. Bikotekidea zegoen gelako atea ireki eta “positiboa naiz” esan nion, honen abantaila, berrogeialdia elkarrekin pasatuko genuela.
Agian negatiboa izateko esperantza txiki hori errudun ez sentitzeko desioa zen. Positibo emateak, zurekin egon diren hainbat pertsona ere berrogeialdian sartzea dakarrelako, honek izan ditzakeen ondorio guztiekin. Errudun sentitzen zara ostiral gauean kalean afaldu zenuelako eta taberna itxi arte egon zinelako, errudun hurrengo egunean lagun baten etxera joan zinelako bisitan, egin zenituen gauzak debekatuta egongo balira bezala. Errudun sentitzen zara, zure positiboa saihestu zenezakeelako. Baina gero ohartzen zara, errudunak bilatzeak ez duela zentzurik.
Beraz, azken hilabeteetan hainbestetan entzun eta aipatutako Covid-19a nire barnean zegoen, eta jakin bezain pronto hasi nintzen sintomak sentitzen. Bularreko mina hasieran, buruko mina gero, digestio arazoak ondoren, eta giharretako mina azkenik, baina batez ere, nekea, neke handia. Ezer larririk ez, baina gorputzak gauza desberdin asko sentitzen ditu, eta azkenean ez dakizu zer den benetan pairatzen ari zarena eta zer oharkabean asmatzen ari zarena.
Bi hilabete etxean egon ondoren, hamar egun igarotzea ez zela hainbesterako uste nuen. Desberdina da ordea, etxetik kanpo guztiak bere zikloa jarraitzen du, baina zu etxe barruan zaude pausa luze batean. Ez dakizu zer egin denbora azkarrago pasa dadin, baina ez zara saiatzen ezer egiten ere, ez daukazu gogorik. Egunaren amaieran pentsatzeak ere nekatu egiten zaitu.
Berrogeialdiak nekatu egiten du, nekatzen du gorputza eta burua, nekatzen zaitu fisikoki eta emozionalki. Nekatzen ditu besoak, hankak, bizkarra, baita begiak ere, eta ahotsa. Egoera umorez emateko erronka jartzen diozu zure buruari, eta barre egin dugu, baina erronka gero eta zailagoa dela ohartzen zara. Umorea, haserre, tristura eta aiene bihurtzen da, arrazoirik gabe irteten zaizun nekearen negar malkoa. Momentu batez, ahaztu egiten zaizu gaixo zaudela, eta ezin dezakezu ulertu zure egonezinaren arrazoia.
Baina berrogeialdiak erakutsi dit gauza politik ere, etxekoen eta lagunen babesa, laguntza, adeitasuna, kezka eta maitasuna. Gutaz kezkatu da jendea, egunero zer moduz gauden galdetu digute, denbora azkarrago igarotzeko bideodei aspertuak jaso ditugu, behar genuenean erosketak egin dizkigute, elkarrizketak izan ditugu atearen beste aldekoekin, Romeo Julietarengana bezala gure leihopera azaldu zaizkigu lagunak, bizilagun askok laguntza eskaini digute, “kalean zutaz galdetu didate” asko iritsi zaizkigu, positibo emanda gelan bakarturik zegoen lagunak “hau ere gaindituko dugu” esan digu, eta aipatu ez ditudan beste hainbat eta hainbat gauza.
Udan sartu nintzen etxera eta negu-giroan aterako naiz bertatik, berrogeialdia denboraren makina bilakatuz. Itxialdia luzea izan da eta izaten ari da, baina laino ilunen artetik eguzki izpiak sartzen ari dira leihoetatik. Ni ere, eta etxean gauden guztiok ere, aterako gara honetatik. Esperientzia honek zerbait ikasteko balio izan dezala.
Laster ikusiko dugu elkar. Bitartean zaindu.
Egin zaitez bazkide