Markesinatik
— 2020-11-25Markesak ez gara, baina markesinan gaude. Herritar talde batek bizi dugun krisiaren aurrean Gurutzeko autobus parada zaharraren inguruan ekimena antolatu dugu. Datozen egunetan markesinan gune bizi, zabal, ireki eta parte-hartzailea sortzea da asmoa. Azaroaren 28an, larunbata, 12:30ean hasiko gara ekimenarekin.
Helburua da norbanakoei edo eragileei COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera nola ari zaigun eragiten ikustea; ondoren sortu daitezkeen erantzunak edo beharra dutenei laguntzeko moduak martxan jartzeko. Zestoarrei ahotsa eman nahi diegu, laguntza behar dutenei eskua luzatuko diegu eta eskua botatzeko prest daudenekin harreman sarea sendotuko dugu. Itxialdian martxan jarri zen boluntario sareari beste bultzadatxo bat eman eta ekintza praktikoak hala den azkarren martxan jarri nahiko genituzke.
Garai ilun hauetan kolore pixka baten beharra dugu eta markesina ingurua kulturaz goxatzea da gure nahia. Hitzaldi, mahai-inguru, irratsaio edo mobilizazioekin batera, herriko sortzaileei ere lekua egin nahiko genieke. Krisi honi herri mailan erantzun beste erremediorik ez dugu. Bakarrik baino elkarrekin hobe!
Egin zaitez bazkide