Albisteak

Bainuetxeko langileak izan dira protagonista LABek deitutako mobilizazioan

Maiatzaren Leheneko mobilizazioa egin du gaur goizean LAB sindikatuak Zestoan, Aldaketa da aukera! lelopean. Plazan elkartu dira manifestazioarekin bat egin duten herritarrak eta bertatik Bainuetxerako bideari ekin diote. Bainuetxeko langileak izan dira protagonista LABek deitutako manifestazioan, hoteleko langileek SOS Bainuetxea zioen pankarta bat atera dute, beren egoera salatzeko.

Bainuetxera iritsitakoan, bertako langile batek hartu du hitza. Pandemia dela eta, urtebete darama beren lantokiak itxita eta langileak ziurgabetasun egoeran daudela salatu du. Mikel Arregi Ertxin alkateak hartu du ondoren hitza eta erakundeek Bainuetxean esku-hartzea izan behar dutela azpimarratu du.

Bainuetxetik bueltan, plazan amaitu dute manifestazioa. Bertan, manifestazioa amaitzeko irakurketa egin dute LABeko ordezkariek. Maiatzaren Lehena “indarrean dagoen sistema aldatzeko aukera bat” dela azaldu dute, “gaur egungo sistema ezin delako sostengatu ez sozialki ezta ekonomikoki ere”. “Eredu zaharretik eredu berrira trantsizio” bat egin behar dela azaldu dute eta trantsizio horren oinarriak “feminismoa eta sozialismoa” izan behar dutela.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide