Albisteak

‘Abian’ prozesuko bigarren faseari ekingo dio Urola Kostako Ezker Abertzaleak

Ezker Abertzaleak 2015eko azaroaren 7an “Abian” prozesua martxan jarri zuen maila orokorrean. Aurkezpenean azaldu moduan, prozesuaren helburua gogoeta prozesu sakon bat egitea da. “Prozesu honetan, ahalik eta parte hartze handiena bilatzea ezinbestekoa da, eta horretarako, militante oro ahaldundu eta eztabaidarako aktibo izateko asmoarekin, bi fasetako prozesua aurkeztu genuen. Entzute eta harreman fasea batetik, eta eztabaida fasea bestetik” azaldu zuten aste honetan Urola Kostako kideek Zumaian egindako prentsaurrekoan.

Urola Kostan ere prozesu hori lantzen aritu dira ordutik, eta aipatutako prentsaurrekoan adierazi zutenez “entzute fasea” amaitu da, eta orain “eztabaida faseari” ekingo diote ezker independentistako militanteek. Bigarren fase horri ekiteko, lehen fasearen txostena eskuragarri jarri dute esteka honetan.

Batzarrak herriz herri

Bigarren fase horretarako Euskal Herriko herri eta auzo guztietan 3 batzar egitea aurreikusten da Otsailetik Apirilera bitartean. Zestoari dagokionez, hiru batzarrak otsailaren 25ean, martxoaren 12an eta apirilaren 14an izango dira. Batzar horietan ahalik eta jende gehiena biltzeko helburua dute Ezker Abertzaleko kideek, eta horregatik herritarrei dei egiten diete batzar horietan parte hartu dezaten.

Espetxeetara martxak izango dira “Abian” prozesuaren baitan

Bigarren faseari ekin aurretik, otsailaren 20an, Euskal Presoak dauden espetxeetara martxak antolatu dira. Zestoatik Alacanteko Villena espetxera izango da martxa (ikus beheko argazkia). Antolatzaileek azaldu dutenez, “presondegietan eztabaida behar den bezala eman dezaten dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatu eta Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzea izango da martxa hauen helburua.”

05 Autobus kartela-1




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide