Albisteak

Adin txikikoen esku hartze zerbitzua hobetzeko hitzarmena sinatu dute Zestoa, Getaria eta Aizarnazabalgo udalek

Getaria, Aizarnazabal eta Zestoako udalek adin txikikoen esku hartze zerbitzuaren lankidetza hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean. Bi helburu nagusi ditu egitasmoak. Batetik, bazterkerian aurkitzen diren pertsonak autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familia eta komunitate inguruneko bizikidetza egokia bultzatuko duten gaitasun pertsonalak, familiarrak edo taldekoak eskuratzea eta garatzea da; eta bestetik, pertsona horien ohitura, portaera , sentimendu eta jarrera desegokiak egokiagoak direnagatik ordezkatzea.

Mikel Arregi alkatearen esanetan, gaur eguneko gizarteak dituen ezaugarriengatik eta pandemia ostean geroz eta gizarte konplexuagoa garenez, zaintzak garrantzi handia hartu du, “ez adinekoei dagokienean bakarrik, inoiz baino talka edo arazo psikosozial handiagoak ditu gure gizarteak”.

Arregiren arabera, hiru udalak pertsonak erdigunean hartutako estrategiak sustatzearen aldekoak dira. Bide horretan elkar hartzea erabaki dute, adin txikikoen esku hartze zerbitzua bateratuta: “Orain arte herri bakoitza bere aldetik genbiltzan eta horrek kudeaketan gabezi eta hutsune batzuk sortzen zizkigun. Hiru herriok txikiak izanagatik, argi dago, elkartuta beste aukera batzuk ditugula eta zerbitzua hobetzeaz gain eragile gehiagok jasotzeko aukera izango dutela”.

Getariarekin harremana

Alkatearen esanetan, Aizarnazabal eta Zestoa mugakideak izanik aspaldiko harremana dute, baina Getariarekin hitzarmena egitea baikorki baloratu du. Biztanle kopuru antzekoa, eta ezaugarri soziologiko berdintsuak dituztela aipatu du, eta hiru herrien arteko lankidetza hitzarmena egitea “ohore bat” dela  gaineratu du: “Bakarrik gauza batzuk ezin dira egin, baina elkartuta bai, eta alde horretatik positiboki baloratzen dugu hitzarmen hau eta hastapen bat izatea nahiko genuke beste hainbat gaietarako ere” . Aizarnazabal eta Getariak gizarte teknikari bera dute, eta prozesu honetan hiru herrietako gizarte teknikarien lana funtsezkoa izan da Arregiren arabera.

Gertuko jarraipena

Egitasmoa hauteskunde ondoren jarriko da martxan. Bi urterako zerbitzua esleituko da eta kudeaketari dagokionean, hiru herriek horrela hitz eginda, Zestoako Udalak, biztanle gehien dituen herria delako, kudeatuko du. Jarraipen batzorde bat ere osatuko dute herri bakoitzeko bi ordezkarirekin eta hiru hilabetetik behin elkartuko da taldea. Bi urte pasa ondoren, zerbitzuaren balorazioa egin eta erabakiko da ondoren beste herri bat kudeatzen hasiko den edo Zestoako Udalak jarraituko duen zeregin horretan.

Bidearen hasiera

Aritz Alberdi Getariako alkateak teknikariak azken hilabeteetan egin duten lana eskertu du. Esan du bakarka erantzuten zen zerbitzua bazen ere, behar gehiago zituela konturatzen zirela. Gaineratu du “oso erraza” izan dela hiru udalak elkar ulertzea. “Diru gehiago kostako bazaigu ere, lehen urrats bat da eta ikusita zer behar diren indartu beharreko zerbitzu bat izango dela. Bidearen hasieran gaude, etorkizunari begira” eta gaineratu du “indartu beharreko zerbitzu bat izango da” adierazi du.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide