Albisteak

Agiro Mendi Elkarteak Mendi Astearen balorazio “oso positiboa” egin du

Joan den aste guztian zehar ez da mendiarekin lotutako ekintzarik falta izan herrian. Agiro Mendi Taldeak antolatuta ohi duen Mendi Astea izan da Zestoan. Gurutze Lopetegi herritarraren “Lurrikara eta gero trekina (Nepal)”  hitzaldiarekin eman zioten hasiera egitasmoari. Asteartean, Koldo Ruizek “Andeak” solasaldia eskaini zuen eta hitzaldien aroarekin amaitzeko, Zelanda Berria eta Patagonian bizi izandako esperientziak kontatu zituen Mikel Arregik Portale Kultur Elkartean.”Hitzaldi guztietan 40 lagun inguru bildu ziren eta jendea oso gustura agertu zen” azaldu du Mikel Irure Agiro Mendi Taldeko kideak.

Asteburuan, irteeren unea iritsi zen. Larunbat goizean, Granadatik Aizarnarako gorputz-bidea egin zuten. Arratsaldean berriz, 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat BTT irteera egin zuten. Zestoatik irten eta Ibañarrieta, Agote, San lorente, Sansirenea, Presalde eta Arroa Goia pasa zituzten. Igandean, berriz Endoiara mendi itzulia egin zuten. Guztira 85 pertsonek hartu zuten parte eta giro ezin hobea nagusitu zela azaldu du Irurek. “Orokorrean Mendi Astearen balorazio oso positiboa egin dugu, ekintzaz beteriko astea izan da. Abenduan Zumaia-Zestoa ibilaldia egingo dugu baina eguna aurrerago zehaztuko dugu” esan du.

 

Argazkiak: Mikel Irure

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide