Albisteak

Agiro Mendi Klubak Mendi Astea ospatuko du hilaren 13tik 16ra

Datorren ostegunetik igandera bitartean egingo dute aurtengo Mendi Astea. Armenia eskiekin hitzaldia, BTT zeharkaldia eta umeen ibilaldi neurtua egingo dituzte.

Ostegunetik igandera bitartean Mendi Astea egingo dutela iragarri du Agiro Mendi Klubak, eta ohikoa den moduan, mendiari lotutako askotariko ekintzak egingo dituzte egun horietan. Ostegunean, hilaren 13an, hasiko da Zestoako Mendi Astea. Egun horretan, 19:00etan, Artano anaiek Armenia eskiekin hitzaldia eskainiko dute Alonderon, 19:00etan. Jon eta Romanek Armenian izandako esperientzia partekatuko dute han.

Hilaren 15ean, berriz, larunbatez, BTT zeharkaldia egingo dute, Jesus Mari Ibarguren “Rubio” eta Juan Karlos Iraolagoitia omentzeko keinu gisa. 9:00etan abiatuko dira Gurutzetik.

Igandean izango da Mendi Asteko azken saioa, eta umeen ibilaldi neurtua egingo dute. 9:30etan kiroldegiko aterpetik irtenda, Ertxiñari itzulia emango diote, 7,4 kilometroko ibilbidea osatuz. Ibilbidean, Akoa, Kalbario eta Katre zeharkatuko dituzte, Ertxiñako leporaino iritsi arte; handik, berriz, Akoatik pasata amaituko dute ibilaldia Zestoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide