Albisteak

Agustin Ostolaza, 1946 Arroagoia

Semearen Orioko Joseba Ostolaza harri eskolan hartu gaitu Agustin Ostolazak. Elkarrizketa bukatzerako, dozena erdi gazte elkartu da lokalean. Garaiak aldatu dira, baina oraindik ere harriak badu zerbait erakargarria; bestela, galdetu Agustinen biloba Udaneri: 13 urterekin, azazkalak gorriz margotuta, harria altxatzen ari da.

Omenaldia egin dizute, eta liburua ere idatzi dute zutaz. Norbait izango zara.

Lehen ez nion inportantziarik ematen. Momentu horretan, beste batzuk baino gehiago izan nintzen, beste ezertan ez eta. Omenaldiak egiteko adina ez dakit. Uztapidek esan zuen: “Omenajerik ez neri, baina burlarik ez det merezi”.

Zestoako harrobi zaharrean hasi zinen lanean, 15 urterekin, eta Iraetako bloke fabrikan aritu zinen gero, 17rekin.

Baserrian eta harrobian lanean; hori zen gure kirola. Besterik egin beharrik ez zegoen: lana. Apustu giroa beste bat zen. Garai hartan, korrika apustua jokatu nion enkargatuaren semeari, Zestoako farmaziatik Iraetara atzera-aurrera. Korrikarako egokia nintzen, baina hura enkargatuaren semea zen; denak haren alde zeuden. Abarketa luze batzuk jantzita, irabazita geratu zen. Kobratu nuenean, esaten nuen 100 kilokoa jasotzen nuela, baina inork ez zidan sinisten. Harrobian, kargadore zahar bat bazen; banekien ze pisutako harriak mugitzen nituen. Erronka botatzerako, etxean probatuta nengoen.

Zer eman dizu harriak?

Dakizun hori: publizitatea eta sosak. Banituen atzaparkada politak. Zezen plaza goraino betetakoan, diru asko ateratzen zen; igual, egun batean, etxe erdia.

Noiz hasi zinen harri jasotzen?

Arroan, Joxe Antonio Urrestilla “Igarategi”rekin hasi nintzen. Auzoak ginen; beti elkarrekin ibiltzen ginen, ni baino kinta eta erdi zaharragoa zen, eta handixeagoa ere bai. Beti pelean ibiltzen ginen. Besteak baino gehiago zarela ikusten baduzu, entrenatu egiten zara. Txarra bazara, laga egingo diozu. Zazpiko harria zegoen haienean (87 kiloko harria), eta harekin ibiltzen ginen. Arroako festetan egingo genuen aurreneko erakustaldia. Artzabaletako bat nuela uste dut aurkari.

Zeure harririk bazenuen orduan?

Ez ba. Ez eduki, eta entrenatzeko nahi nuen. Jairen batean, mendiz festaren batera gindoazela, Sastarrain baserri aurretik pasatu ginen, eta han bi harri ikustea tokatu. Probatu genituen, eta gustatu. Lagunari esan nion “Nik hau behar diat”, eta berak “Nik beste hau nahiago”. Orduan, Iraetako blokerian nenbilen lanean; 16 urte nituen. Larunbatetan lana egiten zen, eta, handik aterata, gauean joan ginen Sastarrainera. Afaltzera joaten ginen normalean. Iraetako Errotaren atzeko aldean zen blokeria. Nagusiak berak ziren. Etxekoak ginen. Harria manejatu genuenean, ez geunden afaltzera joateko moduan; zizko eginda geunden. Hiru gurpileko karrotxoan a ze lanak bi harriak Iraetaraino eramaten. Elortzareneko aldapa igotzen, pasara ederra hartu genuen. Harri hori Irunera soldaduskara ere eraman nuen.   

Federaziokoekin egindako aurrenekoa Debakoa izan zen?

Hala izango zen. Deban debutatu eta berehala San Joseak ziren, eta Maristetatik deitu zidaten erakustaldia egiteko. Baserri zen hizlari. Manejatutako harriarekin joan nintzen; besterik ez neukan! Baserrik megafoniatik esan zuen ba: “Hau Sastarrainen harria duzue!”. Pantera eta biok ginen. Hura ni baino zaharragoa zen, baina egokia zen harria jasotzeko. Pantera Sastarrainen laguna zen. Sastarraingoa probatan ibiltzen zen. Felix uste dut zuela izena; harria lapurtzerakoan ez nion izenik galdetu! Gizon ona izango zen; ez zidan sekula erreklamatu.

Non entrenatzen zinen?

Blokerian lanean nengoenean, Goardizarren egin genuen boladatxoa, asko elkartzen ginen han; Urrestilla eta Oliden eta. Tejabana baten azpian. Tokia ere nonahi ez zen izaten. Hona zergatik uste duzu etortzen dela jendea? Harria, tokia, materiala eta gauza asko behar izaten dira. Denen bistan egiten genituen saioak. Hala etorri ginen gero Debatik; bankuan eta etxean genituen denak galduta. Ikasi nuen isilik mantentzen.

Eta Atxega?

Nire entrenatzaile nagusia Orioko Luis Atxega harri jasotzailea izan zen. Berarekin joaten banintzen eguneko txuleta bat agindu zidan. Jokorako ere dirua behar izaten zen. Soziedadea ere bazuen, eta kuadrilla giroa eman zidan. Lortzen zuenaren zati bat ematen zidan. Hark etxean nindukan; berak egiten zidan dena berak ematen zidan jaten, baina bere morroi nintzen, eta hori nortasunik ez edukitzea da.

Etxean ondo hartu al zuten?

Ez nien garbi inoiz esan, ezta gerora ere. Orain, dena mugikorrarekin hartzen dute, argazkiak eta bideoak. Nik ez nuen aitatzen etxean ezer. Ordurako, anaia orain bere emazte denarekin zebilen, eta andre horren bi anaiak numero uno ziren Mendizabalekin. Etxean ze entrenamendu egiten nituen kontatzen banuen, ez neukan jokorik!

15 urtean 12 apustu egin, eta denak irabazi zenituen

Bi alderdi ditu; apustuak ez du dena ona. Ni normalean kieto egoten nintzen; beste batek egindako desafioa hartzen nuen. 1965ean egin nuen aurrena, 18 urterekin, Paskualtxoren aurka. Segalari famosoa zen, eta hari irabaztea ezinezkoa zirudien, baina hala tokatu. Urangaren aurka, bi urtera. Lantokiko laguna nuen, auzokoa. Tartean pleura pasatu nuen, eta Uranga deskuidatu egin zen. 1972an, Segurola; hor ni deskuidatu nintzen. Errukitu-edo, eta elkarri zenbat egiten genuen esan genion.

Urtaini ere irabazi omen zenion ba?

Atxega saltseroa zen; bestela, ez nukeen seguruenez Urtainekin sekula apusturik egingo, eta beste batzuekin ere ez. Nirekin hitz egin gabe adostu zuen apustua. Hori ez da egiten. Poza baino pena gehiagok hartuko zuten Zestoan, eta Arroan ere bai, Urtainen tartekoak ziren denak eta. Beti esaten dut ez niola irabazi; ez genuen berdinean jokatu. Nire harriarekin jokoa egin eta seinalea galdu nuen, “beldurra galanta” esaten zidaten; hala izango zen. Gero, Urtain esku batekin eta ni birekin, bentajak emanda eta Iturralde tartean zela adostu genuen beste apustu bat. Azpeitiko zezen plaza goraino bete zen. Plazan zezena ibiltzen den tokia ere dena bete zen jendez. Urtainek 191 altxaldi egin zituen esku batekin, Iturraldek 238 eta nik 249.

Errenterian nengoela, arantza neukan, eta Urtainen errekorra egin nuen esku bakarraz. Jendeak ez zuen ondo ikusi, Urtain hain zen ondo ikusia; golfoa, baina hain maitea. Ni haren errekorra egitera joan nintzen. Desberdina da; horrela beti gehiago egiten da. Berak jokoan egin zuen.

Gero Mendizabalena izan zen?

Kristorena izan zen. Puntaraino bete zen plaza. Hainbesteko booma eman genuen. Esanda baino askoz gutxiago jasota gelditu zen hura, eta ni ere bai. Tanda bat egin, eta ez zen gehiago atera lehen txandan kristoren erridikulua eginda. Dirua galdu zutenak hango fuera eta lapur hotsa, haiek txistuak. Nik ordu erdia egin behar nuela, eta atera nintzen bigarren tandan, plazak erori behar zuen! Ez naiz inoiz gelditu barruan atera gabe, orduko hirugarren txandan bakarrik. Mendizabalek esan zuen Atxegak benenoa eman ziola eta galtzearen kulpa harena zela. Bi urtera, errebantxa jokatu genuen. Berriro plaza beteta, eta atzaparkada dirua berriz; niretzat ondo etorri zen.

Lau urtera Endañeta?

Lau urtean geldirik egon nintzen. Ezkondu egin nintzen, eta makina batek buzoa harrapatu eta behatza ere galdu nuen. Berriz hasi nintzenean, Endañetari jokatu nion. Aurreneko seinalea bota zenean, mila durora bota zidaten erronka. Nik esan nuen berunarekin izatekotan (berunak aukera ematen du bolumen txikiagoan pisua zuk nahi duzun tokian jartzeko, bultzatzeko errazago izaten da, eta gaur egun harri gehienetan sartzen da). Hark ezetz; izatekotan, harriarekin. Eta hala egin genuen tratua, berunik gabe. Baina, irabazi nuenean, tranpa egin nuela pentsatu zuen. Norbaitzuek berotu zuten: “Harri hori puskatu egin behar dik; horrek beruna zeukak”, eta horrelakoak esanez. Nik ez puskatzeko esaten nion, ez zeukala berunik, baina dena txikitu zuten. Han ez zen berunik agertu.

Perurenarekin ere egin zenuen apustua.

Zuk badakizu Perurena bat zer zen? Baina berea ez zen harriarekin jokatu zuen, eta hori guretzat kirolez aldatzea bezala da. Ezin zuen. 5.500 sarrera saldu ziren Tolosan. Ba al dakizu ze mauka zen? Harekin ez nuen problemarik izan. Gainera, beste bat bota zidan, eta neuk egin nion atzera. Aitortu zidan portatu nintzela, bestela berriro irabaziko niola.

Azken apustua, Iraolarekin.

Asko entrenatu nintzen. Denboraldian jokoan eginda nengoen. Diru asko xamar jokatu genuen, eta estutu egingo ziren. Atxegarenean ibiliak ziren, eta bazekiten apustua zenean bezperan harriak kamioian jartzen zirela. Ireki kamioiko tapa, eta harriak puskatu zizkiguten. Hurrengo egunean, hori estutasuna! Ezin nuen sinistu. Jendea segituan hasi zen: “Orain ere asmatu diate hauek ederra, jasotzen ez eta puskatu egin direla esan!”. Guk muestrak han genituen, baina nork zekien zeinek puskatu zituen? Gerora aitortu zidaten harriak puskatu zituztela sozio zirenek. Apustua egiteko lagunei harri eske hasi nintzen. Urtaingo Martinen harriarekin jokatu behar izan nuen. Parekoena huraxe aurkitu nuen. Ia eten nintzen! Ez izan harri iguala! Txanda bakarra egin zuen hark. Nik segi egin nion lanari, orduan ez zidaten txisturik jo eta.

Zein izan da zure aurkaririk handiena?

Denek izaten zuten bere problema edo sustoa. Azkeneko horretan ere ederra hartu nuen: ondo preparatuta nengoen, baina gero harriak puskatu!

Denboran atzera egiteko modua bazenu, zerbait aldatuko zenuke?

Bai, hori ondo galdetu didazu. Gauza asko aldatuko nituzke, bai bizimoduan, eta baita kirolean ere. Deskuidu handiak eginak ditut; ez ditut denak ondo organizatu, maiorazkoa ere banintzen eta. Deskuiduz egiten baduzu ere, ez dizu inork sinistuko, ez apustu munduan, ez gainontzean.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide